Gizartea -

Epaiketaren atarian

Iruña-Veleiako grafitoak egiazkoak direla aldarrikatu du martxa batek Gasteizen

Epaiketa hasteko bi egun falta direnean, Iruña-Veleia Argitu plataformak bizikleta martxa egin du "Zientzia bai…Epaiketa ez!" lelopean, akusatuen errugabetasuna aldarrikatzeko.

Iruña-Veleia Argitu plataformak Gasteizen deitutako bizikleta martxa. Argazkia: EFE
Iruña-Veleia Argitu plataformak Gasteizen deitutako bizikleta martxa. Argazkia: EFE
Iruña-Veleia Argitu plataformak Gasteizen deitutako bizikleta martxa. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruña-Veleiako (Araba) arkeologia-aztarnategiko grafito batzuen ustezko faltsutzea argitzeko epaiketa astelehen honetan hasiko da. Aurkikuntza historiko bezala definitu zuten, grafitoek euskararen agerraldia zenbait mende lehenago izan zela frogatzen zutelako. Arabak Foru Aldundiak duela hamar urte aurkeztu zuen salaketa.

Epaiketa hasteko bi egun falta direnean, Iruña-Veleia Argitu plataformak bizikleta martxa egin du "Zientzia bai…Epaiketa ez!" lelopean, akusatuen errugabetasuna eta grafitoak egiazkoak direla aldarrikatzeko.

Gasteizko gai penaletarako epaitegiak aztertuko du auzia. Hamar saio aurreikusi dituzte epaiketan. Hiru akusatuen testigantzarekin abiatuko da epaiketa, tartean Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia, eta otsailaren 18ra arte luzatuko da.

Gili bost urte eta erdiko zigorra ezartzea eskatu du Arabako Fiskaltzak, ondare historikoaren aurkako delitua eta iruzurra egotzita, baita agiri pribatua faltsutzea ere. Era berean, Gili 7.200 euroko isuna ezartzea eskatu du fiskalak.

Arabako Foru Aldundia aztarnategiko jabeak, ordea, zazpi urte eta erdiko zigorra ezartzea eskatu du, kalteak eta iruzurra leporatuta. Defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du. Erruztatuen aulkian langile bat eta Gilen laguntzaile bat ere eseriko dira.

Ezbaian dauden aurkikuntzak 2005 eta 2006 artean topatu zituen Lurmen enpresak. Gil zen enpresaren arduraduna. III., IV. eta V. mendeetan, zeramikan idatzitako grafitoak, 2006ko ekainean publikoki aurkeztu zituztenean historikotzat jo zituzten ikertzaileek, besteak beste, euskararen agerpena eta kristautasunaren sarrera III. mendera aurreratzen zituztelako. Ordura arte Donemiliaga kukulako glosak (XI. Mendea) aurreneko aztarnak ziren.

Hala ere, ustez bi akusatuek egin zituzten.

Oscar Escribano Lurmen enpresako langilearentzat espetxealdi eta isun bera eskatzen du Fiskaltzak. Ruben Cerdan hirugarren auzipetuari bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezartzea eskatu du, iruzurra eta agiri pribatua faltsutzea egotzita.

Era berean, Gilek eta haren langileak Eusko Jaurlaritzari 285.000 euroko kalte-ordaina ematea nahi du Ministerio Publikoak, ondare kulturalari egindako kalteagatik. Bestalde, bi akusatuek Arabako Foru Aldundiari 12.490 euroko kalte-ordaina ematea planteatu du fiskalak.

Gilek Iruña-Veleia (Iruña Oka, Araba) arkeologia-aztarnategiko indusketak 19994tik 2008ra zuzendu zituela gogorarazi du fiskalak bere idatzian. Gainera, 2005eko ekainetik 2006ko ekainera aztarnategian aurkitutako 476 piezatan "kalteak" egin zituzten, "ez zuten balio historiko-kultural-erlijiosoa emateko" helburuarekin, erantsi duenez.

Horrela, piezak urratu zituzten, "aparteko inskripzioen itxura emateko asmoz, egiazko pieza erromatarrei kalte konponezinak eginez", azpimarratu du fiskalak.

Gainera, pieza manipulatuei ustezko fidagarritasun zientifikoa emateko eta berez egokitzen ez zitzaien etekin bat lortzeko, Gilek eta haren langileak hirugarren auzipetuaren laguntza izan zuten. Fisikari nuklearra zela adierazi zuen, nahiz eta ez izan. Piezen inguruko hiru txosten egin zituen hirugarrenak, sekula egin ez zituen azterketetan oinarrituta, Fiskaltzaren arabera.

Txostenak Arabako Foru Aldundiari igorri zizkioten. Horietako biren truke 12.500 euro ordaindu zituen erakundeak, baina "aparteko grafitoak" egiazkoak ez zirelakoan, 2008ko urtarrilean aholku batzorde zientifiko bat osatu zuen. Grafitoak egiazkoak ez zirela ebatzi zuen batzordeak, eta 2009ko martxoan salaketa aurkeztu zuen Aldundiak.

Eragindako kaltea arkeologia pieza bakoitzeko 600 eurotan estimatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondare Zuzendaritzak. Ondorioz, 476 pieza, 285.600 euro, Fiskaltzak gogorarazi duenez.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak Gili zazpi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du, eta Lurmeneko beharginari hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra kalteak leporatuta.

Hirugarren auzipetuari, Gilen laguntzaileari (ustezko fisikari nuklearra), hiru urte eta bederatzi hileko espetxealdia ezartzea eskatu du foru erakundeak iruzurra egotzita.

Azkenik, Gilek eta Lurmeneko langileak Aldundiari 286.600 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du. Era berean, akusatu nagusiak eta haren laguntzaileak beste 15.580 euro ordaintzea nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Kultura Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Manifestazioak Euskadiko bidegorriak