Publizitatea
Itxi

2020/09/24

21:06

kultura

Bigarren edizioa

Euskaraldian izena emateko epea, zabalik

EITB.EUS

Ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. 2018ko edizioko "aniztasunari" eusteaz gain, orduko hartan gutxiago parte hartu zuten profiletan sakondu nahi dute.

2:25
Euskaraldia. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute gaur, ariketa soziala abiatzeko bi hilabete falta diren honetan. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten Euskaraldia, eta aurreko edizioan bezala, "ahobizi" eta "belarriprest" rolen artean aukeratu ahalko dute 16 urte gorako herritarrek.

Izen ematea aurkezteko agerraldia egin dute Gasteizen koordinazio lanetan ari diren eragileek eta zenbait erakundetako ordezkariek.

Hiru bide izena emateko

Antolatzaileek duela bi urteko ariketan izandako parte hartzaileen "aniztasunari" eusteaz gain, lehen edizioan gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakondu nahi dute: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta "belarriprest" jokabidea hartuko dutenak.

Hala, Euskaraldiaren lehen edizioan "ahobizi" eta "belarriprest" rolak hartu zituzten herritarrak berriz ere izena ematera animatu dituzte bertaratuek, eta arrazoi ezberdinengatik 2018an parte hartu ez zutenek ere ateak zabalik dituztela adierazi dute.

Antolatzaileek azaldu dute izena emateko hiru bide egongo direla: euskaraldia.eus webgunea, batetik; herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioa, azkenik.

Pandemiaren eragina

Ariketa soziala antolatzen ari direnek azaldu dutenez, COVID-19ak "euskaran ere eragina" izan du. Horregatik, Euskaraldia, duela bi urte modura, "euskararen erabilerari bultzada emateko ariketa praktiko eta motibagarria" izatea dute helburu antolatzaileek.

Euren hitzetan, azken hilabeteetako lanak pandemiak baldintzatuta egin dira herriz-herri antolatuta dauden batzordeetan, eta horrek ere eragina izango du. Hala ere, lehen edizioan Euskaraldira batu zen herri kopurua gainditu dela nabarmendu dute antolatzaileek. Aurtengo edizioan, 412 herrik eman dute izena, eta, aurrekoan, 405ek.

13.000 "arigune" (euskara erabiltzeko babestutako gunea) baino gehiago egongo dira Euskaraldian

Horrez gain, jadanik 4.300 baino gehiago dira "ariguneak" sortzeko izena eman duten entitateetako zentroak, eta guztira 13.000 "arigune"tik gora egongo dira. Era guztietako entitateek "ariguneak" sortu eta Euskaraldian inskribatzeko epea datorren irailaren 27an itxiko da, eta urrian zehar jakin ahal izango dira behin-betiko datuak.

"Euskararen aldeko jauzia egiteko garaia da"

Gasteizko gaur goizeko ekitaldiak eragileak eta hainbat erakundetako ordezkariak bildu ditu. Han izan dira, besteak beste, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia. Koordinazioan eta antolaketan parte hartzen badute ere, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Hirigune Elkargoa eta Euskal Konfederazioa ezin izan dira ekitaldian izan.

Euskaraldia bultzatu duten erakundeetako ordezkariak, gaur, Gasteizen. 

Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak parte hartzeko deia luzatu die herritarrei: "Lehen edizioan parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea nahi dugu, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa".

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentearen hitzetan, "euskaren aldeko jauzia egiteko garaia da: herritarrek, erakundeek eta aisialdian eta arlo sozioekonomikoan ari diren eragileek... denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hauxe da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo".

COVID-19 garaian Euskaraldiak piztuko duen "ilusioaz" mintzatu da Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua: "Azken hilabeteotan pandemiak gogor jo gaitu. Samina eragin du familia askotan, eta denok utzi gaitu pattal samar. Eta une honetan ilusioa behar dugu. Heldulekuak behar ditugu. Estimulu berriak behar ditugu. Eta uste dut Euskaraldiak hori ekar diezagukela".

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetarako kontseilariak, bestalde, Euskaraldiaren aniztasuna goraipatu du. Olloren esanetan, "anitzak gara, eta, hala ere, badugu zerbait komunean: euskaraz gehiago egiteko urratsak emateko prest gaude". 

Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaranek, Arabako ahaldun nagusiak eta Gasteizko alkateak, hurrenez hurren, ariketak euren lurraldean edo hirian duen garrantzia azpimarratu dute, eta euskara ulertzeko gai diren arabar eta gasteiztarrei parte hartzeko deia egin diete. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena