Gizartea -

Euskaraldia 2020

Hainbat entitatek bat egin dute Euskaraldiarekin 'ariguneak' sortzeko

Taldeko elkarrizketetan euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute era guztietako hainbat entitatek, eta horretarako 'arigunea'k sortuko dituzte, euskara erabiltzeko babestutako guneak.

Euskaraldia. Argazkia: EiTB
Euskaraldia. Argazkia: EiTB
Euskaraldia. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mota guztietako hainbat entitatek 'ariguneak' (euskara erabiltzeko babestutako guneak) sortzeko prozesua jarri dute abian, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat eginda.

Bilboko Itsasmuseum-en egindako ekitaldi batean aurkeztu dituzte ekimenarekin bat egin duten lehenengo 15 entitateak. Mota, tamaina, jatorri eta sektore desberdinetakoak dira entitateak. Datorren urte amaierari begira 'ariguneak' sortzeko baldintzak aztertzeko, identifikatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu dute.

Gaur aurkeztutako 15 entitateak hauek dira: Oreka it aholkularitza taldea, Deustuko SGEL liburudenda, GKN Zumaia, Iruñeko Duguna dantza taldea, Kutxabank, Athletic Fundazioa, Musikene, Elika Fundazioa, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Bilgune Feminista, Laneki, Artepan, Sokoa, Meatzaritzaren Museoa Fundazioa, eta Uvesco elikadura banatzailea.

Entitate horiek 'ariguneak' sortzeaz, sustatzeaz, identifikatzeaz eta babesteaz arduratuko dira datozen hilabeteotan, Euskaraldiaren bigarren edizioa aurrera eraman ahal izateko.

Gaurko aurkezpenarekin bilatzen dutena da entitate horiek parte-hartzerako deia egitea dagokien sektoreetan, eta bultza egiten hastea euren alorretan.

Lehenengo Euskaraldian pertsonen arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea proposatu zen. 'Ahobizi' eta 'belarriprest' rolen artean aukera egiteko eskatu zitzaien herritarrei. Ariketa horri esker, herritarrek dituzten hizkuntza jokabideak ezagutzeko eta horiek aldatu ahal izateko lehenengo pausoak eman zituzten. 

Gizartean sortutako babes giroak eragin nabarmena izan zuen jendearen ohitura aldaketan. Hori oinarri hartuta erabaki dute, hain zuzen ere, proposamen berri hau egitea.

Izan ere, bigarren edizio honetan beste pauso bat emango dute, norbanakoen arteko harremanetatik harago joan eta taldeko harremanetara igaroko baita.

'Ariguneak' entitateen barruan euskara erabiltzeko babesguneak izango dira. Horietan, euskara ulertuko duten eta euskaraz hitz egin nahi dutenei babesa emango dieten pertsonak elkartuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Euskaraz Kutxabank Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskaraldia