kultura
Erreformarako batzordea
Boto-emaile gehiago eta zerrenda irekiak, SGAE berrian
Erredakzioa
20.881 bazkidek bozkatu ahalko dute (orain arte 8.220 ziren). ''Botoa edozein hautagaitzatako edozein hautagairi emateko aukera egongo da'', hauteskunde sistemaren erreformarako batzordearen esanetan.
-
Anton Reixa, SGAEko hauteskunde sistema aldatzeko batzordeko kidea. Argazkia: EFE
SGAEko hainbat agintari atxilotu zituztenean piztutako krisiaren ondoren sortu zuten hauteskunde sistemaren erreformarako batzordea. Guztira 15 kidek osatzen dute, eta horietako hiruk aurkeztu dituzte asteazken honetan proposamen berriok.
Aurrerantzean, boto-emaile gehiago izango dira erakundeko hauteskundeetan, idatzi horren arabera. Joan den ekainean 8.220 bazkidek izan zuten botoa emateko aukera, eta, proposamen berri honekin, 20.881 bazkidek bozkatu ahalko dute (% 154 gehiago).
'Boto soziala' ere sortu nahi dute. Horri esker, azken lau urteotan lanbide arteko gutxieneko soldataren neurriko etekina izan dutenek izango lukete eskubide hori (beraz, lau urtean 641,40 euro edo gehiago bildu dutenek eman ahal izango lukete botoa). Gainera, ''botoa edozein hautagaitzako edozein hautagairi emateko aukera egongo da'', azpimarratu du batzordeak.
Era berean, SGAEren Zuzendaritza Batzordeko presidente kargua bertan behera uztea ere proposatu du batzordeak (azken urteotan Eduardo Bautistak bete du erantzukizun hori, inolako hauteskunderik irabazi gabe). Kargua bertan behera utzita, hauteskundeetan aukeratutako Zuzendaritza Batzordeko presidente berriak beteko luke haren tokia.