kultura
Ikerketa batzordea
Egile eskubidetan SGAEk bildutako 145 milioi euro, identifikatu gabe
Erredakzioa
Dirua bildu egin du erakundeak, baina oraindik ez ditu etekin horien onuradunak identifikatu. Ikerketa baten arabera, Bautistaren ''neurrigabeko'' botereak SGAEren izaera eraldatu zuen.
-
Ramon Lopez Vilas, SGAEren ikerketa batzordeko burua. Argazkia: EFE
SGAEk egile eskubidetan bildutako 145 milioi euro identifikatu gabe daude oraindik, erakundeaz kanpoko kontu-ikuskaritza independiente batek mahai gainean jarri dituen datuen arabera. Ikerketa batzordeak aurkeztu ditu astelehen honetan azterketa horren emaitzak, eta, txostenaren arabera, egile eskubidetan bildutako 145 milioi euroren onuradunak oraindik ez ditu identifikatu erakundeak.
Uztailean egindako atxiloketek SGAEn piztutako krisia ikertzeko jarri zuten martxan batzordea, eta Ramon Lopez Vilas zuzenbide katedraduna izan da bertan buru. Auzitegi Goreneko epaile ohia eta Legegintza eta Jurisprudentzia Akademiako kidea ere bada Lopez Vilas.
Katedradunaren hitzetan, ''ardura'' handiagoz egin behar da bildutako diruaren banaketa. Bere ustez, identifikatu gabeko eta banatu gabeko dirutza horrek (osotasunaren % 4a) SGAErekin zerikusi zuzena ez duten jarduerak burutzeko ''tentazioa'' sortaraz dezake.
Bautista, ''erabateko erregea''
Lopez Vilasek azaldu duenez, SGAEren zuzendaritza organoak Teddy Bautistaren menpe egon ziren, eta, hori dela-eta, ia-ia ''erabateko errege'' baten neurriko boterea izatera heldu zen. ''Neurriz gainezko boterea'' bildu zuen Bautistak SGAEn, eta, bere zuzendaritzapean, erakundearen izaera eraldatu zuten ''estrategia ameslariak'' burutu zituzten. ''Izaera handiko liderra izan zen, eztabaidatua baina aldi berean eztabaida ezina''.
Nóos Institutuarekin harremana
Lopez Vilasek jakitera eman duenez, 2005 eta 2010 bitartean SGAEk 698.000 euro ordaindu zizkion Nóos Institutuari, erakundearen irudiaren ikerketa bat egin zezan (60.000 euroko beste faktura bat ere egon zen gerora). 2006ko ekaina arte, Iñaki Urdangarin izan zen institutu horretako presidentea, eta, Lopez Vilasen hitzetan, Bautistaren eta Urdangarinen arteko harremana ''zuzena eta pertsonala'' izan zen.
Proposamenak
Katedradunaren ustez, Kultura ministerioak gertutik jarraitu beharreko jarduera da SGAErena, eta sortzeko dagoen Gobernu berriari hori egiteko gaitasuna izango duen organoa sortzea proposatu dio. Astelehen honetan prentsaurrekoan aurkeztu dituzten datuak Auzitegi Nazionalera igorri dituzten, txosten batean. Datuokin batera, SGAEren birsorrerari ekiteko jarduera egokien kodea ere plazaratu dute. Bertan erakundean bozka eman dezaketen bazkideen zenbatekoa are gehiago handitzea proposatzen dute, eta egile gazteak zuzendaritza organoetan parte hartzearen alde egin dute.