Itxi

kultura

Max sariak

Bernardo Atxaga, Afrika Bibang eta Jon Maia, Bilboko Max sarietan

N. V. | EITB Media

Arte eszenikoen espainiar sariak urriaren 4an banatuko dituzte Bizkaiko hiriburuan, Arriaga antzokian, Calixto Bieitok zuzenduko duen gala batean.

1:7
Bilbo, gaur goizean. Argazkia: EFE.

Bernardo Atxaga idazlea, Mastodonte Asier Etxeandia eta Enrico Barbaroren taldea, Yogurinha Borova, Afrika Bibang kantaria eta Jon Maia bertsolaria izango dira gonbidatuetako batzuk urriaren 4an Arriaga Bilboko antzokian banatuko dituzten Arte Eszenikoen Max sarien hogeita laugarren edizioaren galan.

Calixto Bieto Arriagako eta sariak banatzeko ekitaldiaren zuzendari artistikoak gaur, asteartearekin, kazetariei azaldu dienez, arte eszenikoen "jaia" izango da ekitaldia, "dotorea, liluragarria eta harrigarria".

Bieitok aurreratu du saria emango duten pertsonen artean izango direla Jokin Oreki antzerkigilea, Ane Pikaza eta Itziar Lazkano aktoreak, Igor Yebra dantzaria eta Arriaga antzokiko gela arduraduna eta txarteldegiko langilea.

Prestatu dituzten emanaldiei dagokienez, Mastodonte taldearena, Afrika Bibang getxoztar kantariarena eta Ausrine Stundyte lituaniar sopranoarena iragarri dituzte gaur.

Zuzeneko musika BilbaoSinfoniettaren bizkar izango da, Iker Sanchez Silvak zuzenduta, eta Bilboko Koral Elkarteko umeen abesbatzak ere hartuko du parte.

Artisten zerrenda osatuko dute Yougurinha Borovak, Jon Maia bertsolariak, Miren Gaztañaga aktoreak, Bernardo Atxaga idazleak, Adriana Bilbao flamenko dantzariak eta Lasala konpainiak.

Euskal izendatuak

Euskal arte eszenikoak ordezkatuta egongo dira ekitaldian. Teatro Estudio konpainiak Gizarte Arloko Max saria jasoko du, eta "El bar que tragó a todos los españoles" Alfredo Sanzol nafar zuzendari eta antzerkigilearen komedia, ukitu autobiografikoak gordetzen dituena, gaueko faborito nagusia izango da, bost sailetan baitago izendatuta: antzezlan onena, egile onena, eszena zuzendaritza onena, gizonezko aktore onena eta espazio eszenikoaren diseinu onena.  

Gainera, "Kutsidazu bidea Ixabel" (Demode Produkzioak) finalista izango da ikuskizun musikal edo liriko onenaren sailean; "Psike" Markeliñeren eta "Symfeuny" Deabru Beltzak taldearen lanak kaleko ikuskizun onenaren saria irabaz lezakete; eta "Uniko" Teatro Paraíso konpainiaren ikuskizuna ume, gazte eta familientzako ikuskizun onenaren atalean dago izendatuta.

Halaber, María Goiricelaya egile onenaren sailean izango da finalista "El patio de mi casa / Harri Orri Ar" lanagatik. Aurretik, "Ocaña" (Pabellón 6) eta Arriaga Antzokiak ekoitzitako "Ama Kuraia" zuzendu izan ditu Goiricelayak.  

Azkenik, Lucia Lacarra ("Fordlandia") eta Iratxe Ansa ("Al desnudo) gipuzkoar dantzari ezagunak ere finalista izango dira, Dantzako Emakumezko Interpretatzaile Onenaren sailean.