Itxi

Zinemaldia

60. edizioa

Ewan McGregor aktoreak Donostia saria jasoko du 2012ko Zinemaldian

Erredakzioa

Juan Antonio Bayona zuzendariaren 'The Impossible' filma aurkeztuko du aktore ezagunak Donostian.

01:16
Ewan McGregor aktoreak Donostia saria jasoko du

Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak Ewan McGregor aktoreari emango dio Donostia sarietako bat, bere ibilbide osoa aitortzeko. ''Askoren ustez bere belaunaldiko aktore onenetakoa da McGregor eta, zalantzarik gabe, publikoaren onespena irabazi du bere lanekin, jorratu dituen genero, estilo eta arlo guztietan'', azaldu du ohar baten bidez Donostiako Zinemaldiak.

Irailaren 27an jasoko du Ewan McGregor aktoreak Donostia Saria, Kursaalen egingo duten ekitaldian. Ondoren, The Impossible filma Europan lehen aldiz ikusteko aukera izango da. Juan Antonio Bayonak zuzendu du lana, eta McGregor da bertan protagonista.

Aurtengo bigarren Donostia sariduna da Ewan McGregor, atzo bertan jakin baikenuen Oliver Stone zuzendariak Zinemaldiaren 60. urteurreneko Donostia Saria jasoko duela.

Trainspotting, Star Wars, Moulin Rouge...

Eskoziako Perth hirian jaio zen Ewan McGregor, eta bere ibilbide osoan zehar paper ausartak eta indarrez beteriko pertsonaiak aukeratzeagatik nabarmendu da: ospea eman zion Irvine Welsh zuzendariaren Trainspotting filmeko Mark Renton heroinazalea, Star Wars saga ezaguneko Obi-Wan Kenobi ospetsua eta Nicole Kidmanekin Moulin Rouge musikalean eginiko papera dira horren lanik ezagunenak.

Besteak beste, film hauetan aritu da: Roman Polanski zuzendariaren The Ghost Writer, Pierce Brosnan aktorearekin batera; Ron Howard zuzendariaren Angels and Demons, Tom Hanksekin batera; Jim Carrey aktorea protagonistakide zuen I Love You Phillip Morris komedia; Michelle Williams eta Hugh Jackman aktoreekin filmatutako Deception; Woody Allenen Cassandra’s Dream; Hilary Swank eta Richard Gere ezagunekin egindako Amelia; Michael Bay zuzendariaren The Island, Scarlett Johanssonekin batera; Tim Burtonen Big Fish (Albert Finneyrekin, Jessica Langekin eta Danny DeVitorekin egin zuen lan bertan); Young Adam filma, Peter Mullan eta Tilda Swinton aktoreekin; Ridley Scott zuzendariaren Black Hawk Down; Michael Caine aktorearekin batera egindako Little Voice, eta glam rock mugimenduari buruzko Todd Haynes zuzendariaren Velvet Goldmine.

Izarrez betetako edizioa

Ewan McGregor ez da izan bakarra izango aurten Donostian. Irailaren 21etik 29ra bitartean  Donostian izango dira, besteak beste, honako hauek izango dira gurean: Richard Gere, Susan Sarandon, Ben Affleck, Alan Arkin, John Goodman, Oliver Stone, John Travolta, Benicio Del Toro.