Zinemaldia
Izar handiz betetako edizioa
Tommy Lee Jonesek aurtengo hirugarren Donostia saria jasoko du
Erredakzioa
Irailaren 28an egingo dute banaketa ekitaldia, Kursaalen. Oliver Stonek eta Ewan McGregorrek ere jasoko dute aurten Donostia saria.
Tommy Lee Jones aktoreak aurtengo Zinemaldiko hirugarren Donostia saria jasoko du. Oscar sari bat du, eta Hollywoodeko artista ezagun eta errespetatuenetako bat da.
60. edizio honetan banatuko den hirugarren Donostia saria izango da, Oliver Stone zuzendaria eta Ewan McGregor aktorea ere sarituko baititu aurten Zinemaldiak.
Irailaren 28an jasoko du Donostia Saria Tommy Lee Jonesek, Kursaalen egingo duten ekitaldian.
Texaseko San Saba hirian jaio zen, eta Love Story lanarekin (1970) abiatu zen zinema munduan. Hor hasi zen dagoeneko lau hamarkada iraun duen ibilbidea.
Besteak beste, honako lan hauetan hartu du parte: Eyes of Laura Mars (1978), Coal Miner’s Daughter (1980) (pelikula honekin lehen aldiz izendatu zuten Urrezko Globoetarako), Stormy Monday (Astelehen ekaiztsua, 1988), The Package (1989), JFK (1991), Under Siege (1992), The Fugitive (Iheslaria, 1993), Heaven and Earth (1993), The Client (Bezeroa, 1994), Natural Born Killers (Hiltzaile jaioak, 1994), Batman Forever (1995), Men in Black (Beltzez jantzitako gizonak, 1997), U.S. Marshalls (1998), Double Jeopardy (Traizio bikoitza, 1999), Rules of Engagement (Erasorako arauak, 2000), Space Cowboys (2000), Men in Black 2 (2002), The Hunted (Harrapakina, 2003), The Missing (2003), In the Electric Mist (2009), The Company Men (2010) eta Captain America: The First Avenger (2011).
The Fugitive (Iheslaria, 1994) lanarekin, antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria eta Urrezko Globoa irabazi zituen. Hiru urte lehenago izendatu zuten lehenengoz Oscar sarietarako, Oliver Stone zuzendariaren JFK filmagatik. 2007an, In the Valley of Elah (Elahren haranean) filmean egin zuen lanari esker, Oscar sarietarako izendatu zuten berriz. Urte horretan bertan Oscarra irabazi zuen Joel eta Ethan Coen anaien No Country for Old Men filmeko protagonista izan zen Tommy Lee Jones.
Duela gutxi, K agentearen papera egin du berriz Men in Black 3 filmean, eta abenduan estreinatuko den Lincoln Steven Spielbergen pelikulako protagonistetako bat da. Peter Webber zuzendariaren The Emperor filma amaitu berri du, eta, datorren urtean, Malavita pelikulako protagonista izango da Michelle Pfeiffer eta Robert De Nirorekin batera.
Horren azken lana, Hope Springs, da, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean aurkeztuko dute. protagonista da bertan, Meryl Streep ezagunarekin batera.