Itxi

Zinemaldia

60. edizioa

Cannesen eta Berlinen saritutako pelikulak, Zinemaldian ikusgai

Erredakzioa

'Amour' (Michael Haneke) eta 'Cesare deve morire' (Paolo eta Vittorio Taviani) filmak Zabaltegi Perlak sailean izango dira lehian. Bertolucciren eta Ken Loachen azken lanak ere ikusgai izango dira.

  • 'Amour' Michael Haneke zuzendariaren lana. Zinemaldia

    'Amour' Michael Haneke zuzendariaren lana. Zinemaldia

Ohi den bezala, nazioarteko zinema-jaialdi garrantzitsuetan ikusi ahal izan diren pelikula onenetako batzuk aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioan.

Zehazki, Cannesen eta Berlinen saritutako filmak izango dira aurten programan: Amour Michael Haneke zuzendariaren lana, eta Cesare deve morire Paolo eta Vittorio Taviani zinemagileen azken pelikula. Guztira, nazioarteko jaialdietan parte hartu duten 12 film ekarriko dituzte Donostiara.

Halaber, Bernardo Bertolucci, Oliver Stone eta Ken Loach zinemagileen azken filmak ikusteko aukera ere egongo da irailaren 21etik 29ra bitartean egingo duten Zinemaldiaren 60. edizioan.

The Angels' Share da Ken Loach zuzendariaren azken lana, eta Cannesen epaimahaiaren saria eskuratu zuen. Bernardo Bertolucci italiarrak, aldiz, Io e te aurkeztu zuen bertan. Oliver Stone zuzendari ezaguna, gainera, Donostian izango dugu aurten, Savages lana aurkeztu eta Donostia saria jasotzeko.

2012ko edizio honetan Donostia saria eskuratuko duen beste izarretako batek ere filma aurkeztuko du sail horretan, Tommy Lee Jones aktoreak Hope Springs azken lana ekarriko baitu Donostiara.

Javier Krahe, lehiaketatik kanpo

Zabaltegi Perlak sailaren barruan, lehiatatik kanpo, Hau ez da Javier Kraheren bizitza pribatua dokumentala aurkeztuko dute Ana Murugarrenek eta Joaquin Trincadok.