Zinemaldia
Izarren edizioa
Tommy Lee Jones 'beltzez jantzitako gizonak' Donostia saria jasoko du
Erredakzioa
Bihar Dustin Hoffmanek jasoko du, itxiera ekitaldian, eta dagoeneko Gipuzkoako hiriburuan dago. Eitb.com-ek zuzenean eskainiko ditu bi Donostia Sarien ekitaldiak.
Oliver Stonek, John Travoltak eta Ewan McGregorrek Donostia Sariak jaso dituzte dagoeneko eta gaur Tommy Lee Jonesen txanda helduko da. Larunbatean Dustin Hoffmanek jasoko du, Zinemaldiaren itxiera ekitaldian.
Itxiera ekitaldia online jarraitzeko aukera duzu (larunbatean, 20:30etik aurrera. Ekitaldi horretan Dustin Hoffmanek Donostia Saria jasoko du) eitb.com-en eta baita Tommy Lee Jonesen Donostia Sariaren ekitaldia, gaur gauean 22:00etatik aurrera.
"The Art of Fight 3D" filmaren nazioarteko estreinaldia eta "Storm Surfers 3D" filmaren Europako estreinaldia egingo dute gaur Big Friday sailean, Antonio Elorza Belodromoan. Akzio-kirolen zinemagintzan aurretik inoiz erabili ez ziren ekoizpen estandarrak ikusteko aukera emango digute.
Texaseko San Saba hirian jaio zen, eta Love Story lanarekin (1970) abiatu zen zinema munduan. Hor hasi zen dagoeneko lau hamarkada iraun duen ibilbidea.
Besteak beste, honako lan hauetan hartu du parte: Eyes of Laura Mars (1978), Coal Miner’s Daughter (1980) (pelikula honekin lehen aldiz izendatu zuten Urrezko Globoetarako), Stormy Monday (Astelehen ekaiztsua, 1988), The Package (1989), JFK (1991), Under Siege (1992), The Fugitive (Iheslaria, 1993), Heaven and Earth (1993), The Client (Bezeroa, 1994), Natural Born Killers (Hiltzaile jaioak, 1994), Batman Forever (1995), Men in Black (Beltzez jantzitako gizonak, 1997), U.S. Marshalls (1998), Double Jeopardy (Traizio bikoitza, 1999), Rules of Engagement (Erasorako arauak, 2000), Space Cowboys (2000), Men in Black 2 (2002), The Hunted (Harrapakina, 2003), The Missing (2003), In the Electric Mist (2009), The Company Men (2010) eta Captain America: The First Avenger (2011).
The Fugitive (Iheslaria, 1994) lanarekin, antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria eta Urrezko Globoa irabazi zituen. Hiru urte lehenago izendatu zuten lehenengoz Oscar sarietarako, Oliver Stone zuzendariaren JFK filmagatik. 2007an, In the Valley of Elah (Elahren haranean) filmean egin zuen lanari esker, Oscar sarietarako izendatu zuten berriz. Urte horretan bertan Oscarra irabazi zuen Joel eta Ethan Coen anaien No Country for Old Men filmeko protagonista izan zen Tommy Lee Jones.
Duela gutxi, K agentearen papera egin du berriz Men in Black 3 filmean, eta abenduan estreinatuko den Lincoln Steven Spielbergen pelikulako protagonistetako bat da. Peter Webber zuzendariaren The Emperor filma amaitu berri du, eta, datorren urtean, Malavita pelikulako protagonista izango da Michelle Pfeiffer eta Robert De Nirorekin batera.
Horren azken lana, Hope Springs, da, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean aurkeztuko dute. protagonista da bertan, Meryl Streep ezagunarekin batera.