Zinema
Bertatik bertara
Cannesek baditu jada hiru garaile fin
BEGOÑA DEL TESO | CANNES
Hauteskundeak direla eta, gaur emango dira sariak eta ez bihar igandean, tradizioak agintzen duen legez.
-
Cannes. Argazkia: EFE
Urrezko Palmorria nork jaso gaur arratsaldeko zortziak baino segundu batzuk lehenago jakingo dugu baina atzo hiru filme handiri eman zieten merezitutako tornuia epaileek: Fehér Isten, Jauja eta Winter Sleep dira Palmaresaren aurreko irabazleak.
Europako agendak markatu du, lehendabizikoz 67 urte hauetan Cannesekoa. Hauteskundeak direla eta, gaur emango dira sariak eta ez bihar igandean, tradizioak agintzen duen legez. Gaur, larunbata, Monakon McLaren, Lotus, Ferrari eta beste auto marabiloso guztiek hiri zirkuito leiendazkoan ahalik eta hobe sailkatzeko zazpi ahaleginetan daudela eta ez lehia bizian Santa Devotaren biragunean, tradizioak agintzen duen legez.
Ez ahatu ez urtero koinziditzen dutela bi festa berdingabe horiek: Le Festival Internacional du Filmek eta Le Grand Prix de Monacok…
Gaur, bada, Palmorria. Urrezkoa. Eta bihar Hamilton, Vettel eta lagun/arerioak jo ta fuego Montekarloko itsasoaren ertz harkaitztsuan.
Zeintzuk begikoenak Cannesen? Kiniela eta apostu guztietan Xavier Dolaren Mommy agertzen da. Ez da aukera txarra, ez. Lan bortitza bai gidoian bai zine moldeetan. Lan modernoa irudietan, ankerra, gazia, harrigarria ikusleari sentiarazten duen zorabioan.
Faboritoen artean ere, gaur Fipresci-ren saria jaso duen Nuri Belgi Ceylan Turkiako zinegile prestuaren Winter Sleep. Hiru ordu luze , bete, osatu irauten dituen ipuin tristatu hori irailean ikusiko dugu Donostiako Zinemaldia, dudarik gabe. Han plazaratzen baitira beti Nazioarteko Kritikalarien Elkarteak emandako sariak.
Izenburu gehiagorik badira apostu etxeetan: Cronenbergen lan izu/harri/beldur/garri, Map to The Stars, Lapurdiko karteldegietan dagoena; Donostiako Zinemaldiak maite maite duen Naomi Kawsaren Still The Water, non bizitzaren eta heriotzaren arteko harreman estua era eder, dotore eta Naturarekiko amodioz blai islatzen den. 'Berriro ere' esan behar dugu Kawaseren filmeetan ikusleak beti somatzen baitu bere burua Naturan murgildua.
Ikaragarria izan da aurtengo aukera sariketan, beraz, kasik denak, finalista: Mike Leigh, Godard, Sissakoren (Mauritaniako sortzaile fina) Timbucktu… Baionan ikusgai den Dardenne anaienarena
Zortziak jo baino lehen jakingo dugu gaur erantzuna. Bitartean, Fiprescik berak bereziki aipatu zuen bigarren filmaren izenburuarekin akorda zaitezte, arren: Lisandro Alonsoren Jauja. Eta ez ahaztu inoiz, ikusi arte eta ikusi ta gero, atzo Un Certain Regard sail garantzitsuan garaile izendatu zuten Hungriako Fehér Isten. Surrealismo ozpindua dario.