Itxi

Zinema

Datu onak

2014.a, euskarazko zinemaren urterik onena 2005etik

Erredakzioa

“Lasa eta Zabala” eta “Loreak” filmei esker, ikusle kopuru azpimarragarria lortu du euskarazko zinemak aurten. 2005ean lortu zituzten euskarazko filmek ikusle gehien, “Aupa Etxebeste”ri esker.

Loreak

Oro har, zinema-aretoetara jende gutxiago joaten bada ere, euskarazko zinemak 2005etik izan dituen daturik onenak bereganatu ditu 2014. urtean. Lasa eta Zabala eta Loreak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean erakutsi eta gero, euskarazko filmek emaitza onak utzi dituzte.

Lasa eta Zabala Pablo Maloren filmak 70.000 pertsona baino gehiago jarri ditu pantailaren aurrean, eta Loreak filmak, berriz, 50.000tik gora. 2005era arte jo behar dugu halako datuak ikusteko, sarreren salmenta gaur egungoa baino % 30-35 handiagoa zen garai batera. Aupa Etxebeste filmak eragin zituen datu horiek orduan.

Gainera, txartel kopuruari begiratuta ez ezik, kritikaren eta jaialdietako epaimahaien harrera ikusita ere esan daiteke lanok arrakastatsuak izan direla. Loreak Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lanaren aurretik euskara hutsez grabatutako ezein film ez dute Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatu; lehena izan da, eta arreta handia bereganatu du nazioarteko beste jaialdi batzuetan ere: Londres, Zurich, Tokio…