Zinema
‘Fenêtre Basque’ atala
Euskal zinema protagonista izango da Nanteseko 25. Zinemaldian
Erredakzioa
“Loreak”, “Los tontos y los estúpidos”, “Negociador”, “A escondidas” eta “La noche del raton” filmak saria lortzeko lehiatuko dira Festival du Cinema Espagnol jaialdian, Fenetre Basque atalean.
-
Miriam Cabeza aktorea, "La noche del raton" Nantesen izango den filmetako batean.
Euskal zineak "partaidetza nabarmena" izango du berriro Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren 25. edizioan, martxoaren 20tik 31ra bitartean, eta Fenêtre Basque atalak, aurten 15 urte bete dituenak, "programa mardula" eskainiko du, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Horrela, zazpi film luze izango dira ikusgai, eta zuzendari guztiak Nantesen izango dira haien lanak aurketzeko. Kimuak 2014 bildumako zazpi film laburrak ere emango ditu jaialdiak, besteak beste, eta, gainera, Txema Muñoz Kimuak programako arduraduna Dokumental Onenaren Sariko epaimahaikide izango da.
Zehazki, Julio Verne Pelikula Onenaren Saria jasotzeko lehian izango dira "Loreak" (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), "Los tontos y los estúpidos" (Roberto Castón) eta "Negociador" (Borja Cobeaga), eta "A escondidas" (Mikel Rueda) eta "La noche del ratón" (David Losada) Opera Prima Onenaren sarirako hautagai dira.
Horiez gain, "Lasa eta Zabala" (Pablo Malo) eta "1980" (Mikel Arteta) filmak ere egongo dira ikusgai Frantziako hiriko topagunean.
Nanteseko Zinemaldiak 2001. urtean zabaldu zuen Fenêtre Basque saila, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Etxepare Euskal Institutuak hartu zuen lekukoa gero, eta urtetik urtera sendotu egin du: gaur egun Fenêtre Basque sailak "egonkortasun eta garrantzi handia" dauzka jaialdian eta euskal produkzioek toki nabarmena dute programako beste atal, foro eta jardueretan.