Zinema
Egokitzapena
Abuztuan hasiko dira ‘El silencio de la ciudad blanca’ filmatzen, Gasteizen
Agentziak | Erredakzioa
Thrillerraren zuzendaria Daniel Calparsoro izango da, eta aktore ezagun askok hartuko dute parte: Javier Rey, Belen Rueda, Aura Garrido, Jordi Molla, Kandido Uranga, Itziar Ituño eta Ramon Barea.
-
Daniel Calparsoro izango da filmaren zuzendaria
Abuztuaren 1ean hasiko dira Gasteizen “El silencio de ciudad blanca” Eva Garcia Saenz de Urturi gasteiztar idazlearen eleberrian oinarritutako misteriozko pelikula filmatzen, bertan girotuta baitago istorioa.
Zortzi astez arituko dira lanean, irailaren 29ra arte, filmaren ekoizleen arabera, Gasteizen bertan eta Arabako beste hainbat tokitan.
Daniel Calparsorok (“Cien años de perdón”, “El aviso”…) zuzenduko du, eta Javier Rey aktoreak egingo du duela 20 urteko hilketa batzuen ‘modus operandi’a errepikatuz egindako krimen batzuk ikertuko dituen ertzainarena.
Belen Ruedak egingo du haren nagusiarena, eta Aura Garrido izango da patruilan haren kidea.
Bestalde, Manolo Solo Mario kazetaria izango da, eta Jordi Mollak Tasio eta Ignacio bikiak gorpuztuko ditu. Halaber, Kandido Uranga, Sergio Dorado, Pedro Casablanc, Itziar Ituño eta Ramon Barea ere arituko dira filmean.
“El silencio de la ciudad blanca”, hain zuzen ere, “La ciudad blanca” trilogiako lehen eleberriaren egokitzapena izango da. Trilogiako beste bi lanak “Los ritos del agua” eta “Los señores del tiempo” urriaren 2an kaleratuko duten lana dira.
Lehen eleberriaren egokitzapena 2019an estreinatzeko asmoa dute.