Itxi

Zinema

Mexiko

'Handia', Fenix sarietarako behin-behineko hautagaien artean

agentziak | erredakzioa

Irailaren amaieran iragarriko dute zeintzuk izango diren Fenix sarien bosgarren edizioko behin betiko hautagaiak.

  • 'Handia'ren kartela. Argazkia: EiTB

    'Handia'ren kartela. Argazkia: EiTB

Handia filmak arrakasta izaten jarraitzen du, eta oraingoan Fenix zine iberoamerikarraren sarien lehian sartu da.

Ricardo Giraldo Cinema23 elkarte antolatzaileko zuzendariak prentsaurrekoa eman du gaur, eta jakinarazi du 66 pelikula eta 27 dokumental aukeratu dituztela hautagai izateko lehiarako.

Irailaren amaieran iragarriko dute zeintzuk izango diren Fenix sarien bosgarren edizioko behin betiko hautagaiak. Mexiko hiriburuko Esperanza antzokian egingo dute sarien banaketa, azaroaren 7an.

Fikzio sailean, Handia filmarekin batera, besteak beste, hauek hautatu dituzte, lehen aukeraketan: Alanis (Argentina), Retablo (Peru), Museo (Mexiko), Las olas (Uruguai), Los buscadores (Paraguai), La telenovela errante (Txile), El autor (Espainia-Mexiko) eta Azougue Nazaré (Brasil).

Cinema23 elkartea 2012an osatu zuten, Iberoamerikako zinema sustatzeko asmoz, eta bertako lanik onena sarituko dute aurten bosgarren edizioa beteko duen jaialdian.