Itxi

Zinema

Estreinaldiak

'Bi Anai', 'Azken bidaia' eta 'Bakerantza', zinema-aretoetan

Erredakzioa

Gainera, Martin Scorsesek George Harrisoni buruz egindako dokumentala, '5 metros cuadrados' eta 'La maleta mexicana' dokumentala izango dira.

01:47
Kartelera: 'Bi anai', 'El último paso' eta '5 metros cuadrados'

"Bi anai", "Azken bidaia" eta "Bakerantza" dira asteko euskal estreinaldiak. Gainera, Martin Scorsesek George Harrisoni buruz egindako dokumentalak ere argia ikusiko du, baina baita Roland Emmerichen "Anonymous" ere. William Shakespeareri aitortzen zaizkion hainbat antzezlan agian ez dira harenak, horren ustez, eta horren inguruko lana egin du. Gainera, "5 metros cuadrados" espainiarra ere estreinatuko dute.

"Bi anai" Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritzen da. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten eta bi anaiaren arteko erlazioa eta horien aita hil ostean bizi dituztenak jasotzen ditu. Imanol Rayok zuzentzen du eta Bingen Elortza, Aitor Coteron eta Kandido Uranga ditu aktore nagusi.

Aste honetan, "Azken bidaia" dokumentalak ere ikusiko du argia, Comète sareari buruzko lanak. Bigarren Mundu Gerran, pilotu aliatuei muga igarotzen lagundu zieten ezkutuko sare horren istorioa da. Irune Telleriak eta Enara Goikoetxeak zuzendu dute, eta Moztu Filmak, Offworld (Belgika) eta Amo Films (Frantzia) ekoiztetxeek egin dute, EITBren laguntzarekin.

"Bakerantza" film-dokumentalak ETAren biolentziaren amaierari heldu dio, eta Zinemaldiko Zabaltegi sailean izan ostean heldu da zinema-aretoetara. Elias Querejetaren ideia batean oinarrituta dago, baina Eterio Ortegak zuzendu du, eta ETBren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzarekin egin dute.

Martin Scorsese zinema-zuzendari eta musikazaleak The Beatleseko kideetako baten, George Harrisonen, bizitzaren inguruko dokumentala egin du, orain arte ikusi ez diren irudiak eta grabazioak erabiliz. Besteak beste, Eric Clapton, Terry Gilliam, George Martin, Paul McCartney, Phil Spector, Ringo Starr eta Yoko Ono elkarrizketatu ditu lan hori egiteko. 1943an jaio zenetik 2001ean hil zenera arte, The Beatles taldean emandako urte zoroak, horren bakarkako ibilbidearen gainbehera eta haren bizitza pribatuko gorabeherak bildu ditu bertan.

Roland Emmerich zuzendari alemaniarrak genero fantastikoa albo batera utzi du "Anonymous" lanean. William Shakespeareri aitortzen zaizkion hainbat antzezlan agian ez dira harenak, horren ustez, eta horren inguruko lana egin du.

"5 metros cuadrados" lanak oihartzuna eskuratu zuen Malagako zinemaldian. Max Lemckek zuzendu duen komedia dramatikoan Espainiako hainbat aktorek egin dute lan, Fernando Tejero (Álex), Malena Alterio (Virginia), Manuel Morón (Arganda), Secun de la Rosa (Nacho) edo Emilio Gutiérrez Caba (Montañés) aktoreek, besteak beste.

"The social network" pelikulan protagonistaren lanak egin ostean, Jesse Eisenbergek "30 minutos o menos" filmean parte hartu du. Ruben Fleischerrek zuzendu du, "Wellcome to Zombieland" lanaren egileak, eta Danny McBride, Aziz Ansari eta Michael Peña aktoreak aritu dira bertan.

William Monahan "Infiltrados" lanaren gidoilariak "London Boulevard" zuzendu du. Britainia Handian girotutako thriller bat da eta Ken Bruenen izenburu bereko eleberrian oinarritzen da. Colin Farrell (Mitchell), Keira Knightley (Charlotte) eta Ray Winston (Gant) ditu protagonista.

"La maleta mexicana" dokumentala Robert Capa, Gerda Taro eta David "Chim" Seymour erreportari grafiko ezagunen ingurukoa da, eta Trisha Ziffek zuzendu du. Argazkilari horiek Espainiako Gerra Zibilean ateratako 4.500 negatiboren istorioa biltzen du. Atera ondoren, gatazkaren kaosaren erdian, desagertu egin ziren.