Itxi

Zinemaldia

61. ZINEMALDIA

Zinemaldia: 3, 2, 1... ekin!

Natxo Velez | eitb.com

Donostiako 61. Zinemaldia gaur gauean hasiko da; inaugurazio galak abiatuko du, Kursaalen. Orduak baino ez dira falta, hortaz, zortzi egunez Donostia zinemaren hiriburu bilakatzeko.

2:04

Ikusmina da nagusi gaur Donostian, Zinemaldiaren atarikoan; 8 eguneko zinema ekaitzaren aurretik, bare-bare iratzarri da hiria, aurretik datorkion giro biziaren jakitun. Alea jacta est: gauetik aurrera, hiriko zinema aretoetan proiektagailuek galtzak bete lan izango dute, zinemazaleen harra asetzeko.

Argiak, kamera... ekin! Zinemarik onena Donostiara heldu da. Gaur, 21:00etatik aurrera, inaugurazio galak 61. Zinemaldia zabalduko du, Cayetana Guillen Cuervok eta Unax Ugaldek gidatuta. Luxuzko gonbidatuak izango dira haiekin batera, hala nola Oliver Stone Donostiako jaialdiko ohiko bisitaria, Annette Bening, Michelle Yeoh, Terry Gilliam, Hirokazu Kore-eda eta Masaharu Fukuyama. ETBko kamerak Kursaalen gertatuko den ororen lekuko izango dira, ohi bezala, beste urte batez, eta ETB1en eta eitb.com-en zuzenean ikusiko ahalko da gala. Webgunean, gainera, gonbidatuek alfonbra gorrian zehar egingo duten ibilia ere ikusi ahalko da, ordu erdi lehenagotik hasita.

Irekieran, "Futbolina" Juan Jose Campanella argentinar zuzendari handiaren filma emango dute, mundu mailan lehenengoz, lehiaketatik kanpo; Campanellak laudorio eta sariak ugari jaso zituen "El Secreto de sus Ojos" filmari esker, Oscar bat tartean, eta, 2009an Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen film horrekin Gipuzkoako hiriburuan.

Lan hartan giza harremanak, beldurrak eta gerra zikinak Argentinan zabaldu zituen zauriak hizpide hartu eta "El Hijo de la Novia" tragikomedian ikusleak zeharo hunkitu eta gero, Campanellak animazioari heldu dio "Futbolina" lanean. Felix Linares EiTBko zinema aditu eta "La Noche de..." (ETB2) eta "Iflandia" (Radio Euskadi) saioen gidariaren ustez, zuzendari argentinarra hautu ona da Zinemaldia zabaltzeko: "Filmatzen maisua da, kalitatea bermatuta dago, eta argentinarrek eta, hortaz, horren zinemak hain berezko duten gazi-gozo hori, 'lehenik barre egin eta jarraian negar egin' filosofia, animaziora lerratuko du, seguru asko".

61. Zinemaldi honetan ez da gehiegi igarriko Espainiako Kultura Ministerioak diru laguntza nabarmen jaitsi izana. Baliteke jai eta ekitaldi gutxiago egotea –ez daitezela festazaleak aztoratu, halere, izango da parrandatxoa egiteko betarik eta–, baina murrizketek ez dute programazioan eraginik izango. Programazio horretan, berritasun nagusia Perlak saila Zabaltegitik atera izana da. Gainera, Felix Linaresek esan digun bezala, "Sail Ofizialean lehiatu ohi ziren bi zuzendari, Ozon iazko Urrezko Maskorraren irabazlea eta nik asko atsegin dudan Kore-eda japoniarra, ez dira sail horretan izango, baina Perlak atal horretan ikusi ahalko ditugu horien lanak".

Programazioa eta galak

Aldez aurretik, "Zugarramurdiko Sorginak" Alex de la Iglesiaren road movie basatiaz gain –lehiaketatik kanpo emango dute–, egongo da zer ikusi. Galdu ezin ditugun horietaz galdetuta, hau esan digu Linaresek: "Sail Ofizialean, Tavernierren, Truebaren eta Atom Egoyanen pelikulak ikusteko irrikan nago. Truebak beti egiten ditu pelikula onak, eta Egoyanek, beragan ohikoa den bezala, istorio bortitz horietako bat ekarriko digu. Jaialdietan arrakasta handia izaten dute horrelakoek, gainera, alde iluna gorestera jotzen baita horrelako topaguneetan, alaitasunera baino gehiago".

Gaurko hasiera ekitaldiaren ostean, alfonbra gorrian hurrengo hitzordua igandean, hilak 22, izango da. Egun horretan, Carmen Maura aktore espainiarrak Donostia Saria jasoko du, "Zugarramurdiko Sorginak" Alex de la Iglesia bilbotar zuzendariaren pelikula estreinatu aurretik. Streaming bidez zuzenean ikusi ahal izango da aktorearen ibilbide oparo eta luzea omendu eta saria emateko ekitaldia.

Aurtengo beste Donostia Saria Hugh Jackman australiar aktorearentzat izango da, eta hilaren 27an, ostegunarekin, emango diote, 18:00ak aldera (eitb.com. zuzenean). Ekitaldiaren ostean, "Prisoners" emango dute, pantaila handian Wolverine izan zen aktoreak filmatu duen azken lana.

Felix Linaresen aburuz, merezitako sariak dira biak; izan ere, Carmen Maurak "nahikoa merezimendu" egin du, eta Jackmanen ibilbidea ere aintzat hartzeko modukoa da. Halaber, ez du uste Jackmanen adina (gazteegia, batzuen ustez) saria emateko eragozpena denik: "Gaur egun aktore eta zuzendari gazteei ematen dizkietela kritikatzen duten horiek lehen jende zaharregiari ematen zizkietela krikatzen zuten berberak dira". Nolanahi ere, Linaresen hitzetan, "James Grayri edo gisa horretako zuzendariren bati emango baliote ere, ez zen ezer gertatuko...".

Zinemaren hitzordu nagusia martxan jartzekotan da, beraz: zinema Donostiara heldu da, eta hilaren 28ra arte geldituko da gurean, itxiera galan (20:30etik, ETB1en, eta 20:00etatik eitb.com-en) Todd Haynes zinemagile eta idazle independentea buru duen epaimahaiak sari nagusiak nori dagozkion esan arte. Erabaki hori iragartzen den arte, adituen apustuekin konformatu beharko dugu. Felix Linaresek berearen berri eman digu: "Hiru pelikula espainiarrek itxura ona dute, eta oso ondo hitz egin didate "Kanibala" lanaz. Bestalde, Zinemaldiak oso gogoko izan du beti, saria emateko orduan, Frantziako zinema, eta askotan jaso dute mugaz bestaldekoek Urrezko Maskorra. Ez litzateke harritzekoa izango Dupeyronek, Tavernierrek (nik honi ez nizkioke eragozpenik jarriko) edo Villeneuvek eramatea".

Jarraipen berezia, EiTBn

EiTBk jarraipen handia egingo dio Zinemaldiari, eta Zinemira atala babestu eta hainbat pelikulatan parte hartu ez ezik, "DSS 1813-2013" dokumentala aurkeztuko ere egingo du.

Euskal Irrati Telebistako hedabideek, ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Gazteak eta eitb.com-ek, arreta handiz begiratuko diote Zinemaldiari, bertan gertatzen den guztia kontatzeko. ETB1ek zuzenean eskainiko ditu irekiera eta itxiera galak (hilaren 20an eta 28an). Gainera, Donostia Saria  emateko galak eta Zinemira sariaren gala (hilaren 24an) ere eskainiko ditu ETBk. Horiek guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira eitb.com-en.

Dena prest, beraz, aretoan argiak itzal daitezen, pelikula hastear baitago. Eroso jarri eta disfrutatzea besterik ez da geratzen. Zinema izango da nagusi, zortzi egunez.