Zinemaldia
Laugarren jardunaldia
Martin Cuenca, Serrat eta Sabina, Zinemaldiaren gaurko protagonistak
Amaia Akordagoitia | EITB.COM
EiTBk ekoitzitako DSS 1813-2013 dokumentala ere astelehen honetan izango da ikusgai Victoria Eugenia antzokian, 20:30ean.
Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioko laugarren egunean, Manuel Martin Cuencaren Kanibala filma emango dute Sail Ofizialean. Zuzendariak lehen aldiz parte hartuko du bertan. Horrez gain, Götz Spielmannen Urri-azaroak film austriarra ere izango da ikusgai gaur Sail Ofizialean.
Halaber, Donostia suntsitu zuteneko 200 urte betetzen direla eta, berrehun urteotako kronika soziala bildu du DSS 1813-2013 lanak. Dokumentala Victoria Eugenia antzokian izango da ikusgai, 20:30ean, euskaraz, gaur bertan. DSS 1813-2013 Formattoo Mediak, Orio Produkzioak ekoiztetxeak, EiTBk eta RTVEk egin dute elkarlanean, eta Donostiako Udalak ere hartu du parte.
Bestalde, gaurkoa Alfonso Cuaron mexikarraren eguna ere izango da. Espainian eta Donostian ospetsua den zuzendariak Maribel Verdu aktorea protagonista zuen Y tu mamá también (2001) lanarekin Oscarretara iristea lortu zuen. Urte hartan bertan, Anoetako Belodromoan aurkeztu zuen lana, jendez gainezka zegoela.
Oraingo honetan, Cuaronek Grabitatea pelikula aurkeztuko du, "Perlak" sailean. Filmean, Sandra Bullock eta George Clooney aktoreek parte hartu dute, eta espazioan biziko duten abentura arriskutsua kontatzen du.
Joan Manuel Serrat eta Joaquin Sabina musikariek egin duten azken biran grabatutako Serrat eta Sabina: sinboloa eta kuatea dokumentala aurkeztuko dute, Zabaltegi sailean.
Horrez gain, Sebastian Leliok Gloria filma aurkeztuko du "Perlas" sailean, eta Victoria Galardi argentinarra Elena Anayarekin filmatu duen Festa zelakoan lanarekin lehiatuko da "Horizontes Latinos" sailean.