Zinemaldia
20:00etan
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak saio berezia eskainiko du, Zinemaldian
Erredakzioa
Andres Salado zuzendari madrildarrak gidatuko duen ekitaldian, besteak beste, 'Una Historia reciente', 'Lo imposible' eta 'Las aventuras de Tadeo Jones' filmetako musika joko dute.
-
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Argazkia: EiTB
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zinemarako musika sortu duten hainbat konposatzaileren obrak bildu ditu, eta kontzertua eskainiko du ostegun honetan, Donostiako Zinemaldian. Ekitaldia Orkestraren Miramoneko egoitzan izango da, 20:00etan.
Orkestrak azaldu duenaren arabera, Zinemaldiarekin eta SGAE egile eta editoreen elkarte orokorrarekin elkarlanean prestatu dute ekitaldia.
Andres Salado zuzendari madrildarrak gidatuko duen ekitaldian (orkestra zuzenduko duen lehen aldia da), Emilio Aragon, Angel Illarramendi, Pascal Gaigne, Pablo Cervantes, Fernando Velazquez eta Zacarias M. De la Riva konposatzaileen obrak eskainiko dituzte.
Horrela, besteak beste, Pájaros de Papel, Emilio Aragonek 2010ean zuzendua, 778 La Chanson de Roland, Olivier van der Zeek 2011n eginiko dokumentala, You're the One (2000) eta Tiovivo c. 1950 (2004), biak José Luis Garcik zuzenduak, Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible (2012) eta Enrique Gatoren Las Aventuras de Tadeo Jones (2012) pelikuletako musika zuzenean interpretatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.