Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Donostia Saria

Denzel Washington Zinemaldiaren historian sartu da dagoeneko

Natxo Velez | eitb.eus

Aktore newyorktarrak Antoine Fuqua zuzendariaren eskutik jaso du Donostiako Zinemaldiak saridunaren ibilbide osoa goresteko eskaintzen duen aintzatespena.

Denzel Washington aktore entzutetsuak, Karra Elejalde eta Edurne Ormazabal gaueko galaren aurkezleen hitzetan Hollywoodeko izarren “eredu berri” bati atea zabaldu zion aktoreak, Donostia Saria jaso du.

Bi Oscar sari irabazi dituen aktoreari Antoine Fuquak, “Training Day”n eta "Mendekatzailea" aurten Donostian aurkeztu duen filmean zuzendari izan duen adiskideak, eman dio golardoa. "Lanean pasio handia jartzen duen bihotz zabaleko aktoretzat” aurkeztu du Fuquak gaueko protagonista. Interpretazioa “barru-barruan” daramala azaldu du.

Entzun-aretoko pantailan bere ibilideko paper nabarmenenen laginak erakutsi eta gero, oholtza hartu du Denzel Washingtonek, goitik behera beltzez jantzita. Txalo zaparrada ozenak erabat hunkitu du aktore estatubatuarra, eta esker onez mintzatu zaie bildutakoei, kostata hasieran, ahots dardartiaz.

Donostiari “eskerrak” eman dizkio, eta bere bihotzean “espainiarra” dela esan du, gaztelaniaz ez dakiela eta barkamena eskatu eta gero. Saria jasotzea ohore handia dela esan, eta publikoaren zinemarako grina goratu du Washingtonek, mintzaldi laburrean, pozik alde egin aurretik.