Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Palmaresa

'Magical girl' filmak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Natxo Velez | eitb.eus

Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Carlos Vermutek (“Magical girl”) lortu du, eta aktore onenak Paprika Steen (“Bihotz isila”) eta Javier Gutierrez (“Uharte minimoa”) izendatu dituzte.

“Magical girl” Carlos Vermuten filmak irabazi du aurten, 62. edizio honetan, film onenaren Urrezko Maskorra Donostiako Zinemaldian. Halaber, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Vermutek berak (Madril, 1980) bereganatu du. 1997an gertatu zen azkenekoz hori Donostiako jaialdian: "Rien ne va plus"  filma eta Claude Chabrol haren zuzendaria goraipatu zituzten orduan.

“Maitasunagatik egiten da zinema”, esan du madrildar zuzendariak, saria neska lagunari, “laguntzen didan eta aguantatzen nauen pertsonari”, eskaini eta gero. Marrazkigile eta gidoilaria mangaren eta japoniar unibertso fantastikoaren zale amorratua da, eta inspirazio iturri argia izan da iruditeria hori “Magical girl” lanean.

Interpretazioei dagokienez, Paprika Steenek (“Bihotz isila”) eta Javier Gutierrezek (“Uharte minimoa”) eraman dituzte zilarrezko maskorrak.

Vlad Ivanov epaimahai ofizialeko kideak eman dio Maskorra Steeni. Zinemaldira egindako hirugarren bisitan, Donostiakoa jaialdi guztietan gustukoena duela esan du. Jarraian, danimarkarrak, irribarrez, "nire adineko emakumeekin" filmak egiten jarraitzen duten zuzendariei eskerrak eman dizkie.

Aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Javier Gutierrezek (“Uharte minimoa”) irabazi du, baina Raul Arevalo kideak hartu du adiskidearen saria; izan ere, Gutierrez Bilbon dago egunotan, “Los Mácbez” Shakespeareren lanean oinarritutako antzezlana Arriagan taularatzen. Arevalok saridunaren ohar bat irakurri du, eta, horretan, lantalde osoari (“hegoaldea ere existitzen da”) eta zuzendariari (“jainkoa” deitu dio) eskerrak eman dizkie. Gainera, Rajoyren Gobernuak zinemari begira “tratu txarrak eta axolagabekeria” erakutsi dituela salatu du.

Halaber, “Bizitza basatia” Cedric Khan zuzendariaren film frantsesak Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du. Khanek filmean irudikatzen duen eta sortze lanean lagundu egin dion “familia errealari” eskaini dio Mariana Rondon “Ile txarra” filmagatik 2013an Urrezko Maskorra irabazi zuen zuzendariak eman dion golardoa.

Gidoi onenaren saria Dennis Lehane bostondar idazlearentzat ("Mystic River", "Shutter Island"...) izan da “Entrega” filmean egindako lan dirdiratsuagatik. Michaël R. Roskam zuzendariak gidoi hori pantailaratzea luxua izan dela esan du, eta sariak Donostiara itzultzeko aukera eman diolako pozik agertu da. Jarraian, Lehanek idatziriko ohar bat idatzi du; idazleak esker ona adierazi du idazkian.

Bederatzi egunotan ikusitako filmen artean, argazkilaritza lan onena Alex Catalanek “Uharte minimoa” pelikulan eginikoa izan da, epaimahai ofizialaren ustez. Reinhold Vorschneider epaimahaikideak eman dio saria, eta lantalde osoa eta Alberto Rodriguez zuzendaria hartu ditu gogoan Catalanek bere hitzaldian.

Beste sari batzuk

Zuzendari Berriak atalean, Nicole Brenez buru duen epaimahaiaren iritziz, “Ikasgaia” (Kristina Grozeva eta Petar Valchanov) bulgariar eta greziar ekoizpena izan da lanik onena, beren lehen edo bigarren film luzea aurkeztu duten zinemagileek erakutsitakoen artetik.

Horizontes Saria, Latinoamerikan edo bertako egoerari buruz ekoitziriko film luze aipagarrienarentzako goraipamena, “Zuritxoak” filmak jaso du. Sara Silveira atal horretako epaimahaiaren presidenteak “forma aldeko ausardia eta aktoreen interpretazioak” goraipatu ditu.  Alonso Ruizpalacios mexikarraren road movie-ak Gazteriaren Saria ere lortzeko merezimenduak egin ditu.

Euskal Zinemaren Irizar Saria “Negoziatzailea” Borja Cobeagaren lanak bereganatu du, Isabel Herguerak, Angel Aldarondok eta Rafael Berriok osatutako epaimahaiak hala erabakita; hori izan da Zinemaldian mundu mailan estreinatutako euskal ekoizpenik onena. Orotara, 20.000 euro gordin irabaziko ditu filma ekoitzi duenak. Cobeagak gurasoak eta Jesus Eguiguren hartu ditu gogoan, eta elkarrizketaren alde egin du.

Publikoaren Sariak, bestalde, "Lurraren gatza" eta "Istorio basatiak" lanek erdietsi dituzte.

TVE Beste Begirada saria “Neska banda” lanak irabazi du. Emakumezkoen munduaren inguruko gaiak jorratzen dituen zinea saritzen da sail honetan; emakumeek zuzendu, antzeztu edo idatzitakoa. Edo baita beren pelikuletan aipatutako emakumezkoen munduarekiko sentikortasun berezia erakusten duten gizonena ere.

Zinema Eraikitzen Industriaren Saria “Magallanes”ek erdietsi du. Hainbat enpresa latinoamerikar filmaren postprodukzioaz arduratuko dira, sariari esker, eta, horretaz gain, filma Estatuan banatuko dute.