Zinemaldia
ITXIERA GALA
Urrezko Maskorra, 'Ile txarra' film venezuelarrarentzat
Natxo Velez | eitb,com
Halaber, Fernando Eimbcke izan da zuzendari onena, epaimahaikideen ustez, eta Marian Alvarez eta Jim Broadbent aktore onenak. "Zauria" filmak epaimahaiaren sari berezia jaso du.
Donostiako 61. Zinemaldiko Urrezko Maskorra "Ile txarra" pluraltasunaren eta ezberdintasunaren alde egiten duen venezuelar filmarentzat izan da. Mariana Rondon zuzendariak "intolerantziaren aurkako filmtzat" aurkeztu du, eta, saria jasotzeko unean esan duenez, "ezberdina izatea ez da arazoa, gizakiari gerta dakiokeen onena da. Eskerrik asko, Donostia, eta eskerrik asko Zinemaldiari, ezberdintasunak errespetatzeagatik".
Bestalde, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Marian Alvarez espainiar aktoreak ("Zauria") bereganatu du, egunotan hainbat eta hainbat krikarik aurreikusi bezala; izan ere, lehen emanalditik laudorio andana bat jaso du aktorearen lanak. Alvarezek pelikulako bere pertsonaiak bezala nahasmendu psikologikoak pairatzen dituzten pertsonei eskaini die saria, eta "ahotsik ez dutenei ahotsa ematen jarraitzeko" gogoz agertu da publikoaren aurrean.
Gizonezko aktoreei dagokienez, Jim Broadbententzat izan da Zilarrezko Maskorra, "Le Week-end" filmean egindako lanari esker. Diego Luna epaimahaikidearen hitzetan, "bizitza oso baten inguruko hausnarketa helarazten digun lan fina" egin du Broadbentek.
Epaimahaikideen iritziz, Fernando Eimbckek "Sandwick kluba" lanean egin duen lanak merezi izan du zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, istorioan "ikuspuntu ausart bati indartsu eusteagatik".
Halaber, epaimahaiak "Zauria" espainiar pelikulari sari berezi bat ematea erabaki du. Zuzendariak lantalde osoari zabaldu dio sariaren merezimendua, bereziki Marian Alvarez aktoreari. Euskal Telebistak pelikula horretan parte hartu du.
Argazki onenaren saria Pau Esteveri eman dio David Byrne musikari eta epaimahaikideak, "Kanibala" filmean egindako lanari esker.
Azkenik, gidoi onenaren epaimahairen saria Antonin Baudry, Christopher Blain eta Bertrand Tavernier hirukotearentzat izan da, "Quai d' Orsay" filmagatik. Lanzac eta Balinen komikiaren moldaera da lan satirikoa.
Beste sari batzuk
Luis Irizar euskal zinemaren saria "Asier ETA biok" Amaia eta Aitor Merinoren filmak irabazi du, eta egileek lantalde osoari eskaini diote. Asier lagunari, dokumentalaren protagonistari, ere aipamen berezia egin dio Aitor Merinok.
Horizontes Saria "O lobo atrás da porta" Fernando Coimbraren filmarentzat izan da. Bruno Bettati saileko epaimahaiburuak eman dio brasildarrari garaikurra.
Wuaki.TV, Perlak saileko film bakoitzaren lehendabiziko emanaldi publikora joandako ikusleek ematen duten saria, "Like father, like son" Hirokazu Korde-eda Zinemaldiko ohiko bisitariak jaso du. Halaber, Europako film onenaren saria "About time" Richard Curtisen lanari eman diote ikusleek.
Zuzendari berrien atalean, garaikurra Benedikt Erlingsson islandiar zuzendariak hartu du, "Of horses and men" opera prima pertsonal eta ausartari esker.
Gazteriaren Saria by Desigual sailean, "Wolf" film herbeheretarrak bereganatu du garaikurra. Gaizkileen azpimunduari eta boxeolari ohi batek bertan egiten dituen sartu-irtenei begiratzen die zuzendariak, zuri-beltzezko pelikulan.
TVE Otra Mirada saria, emakumeekin sentiberatasun berezia erakusten duten lanentzako golardoa, "Jeune eta Jolie" François Ozonen lanak irabazi du. Iaz, Urrezko Maskorraren irabazlea izan zen Ozon frantziarra.
Fipresci saria ere 'Quai d'Orsay" Bertrand Tavernierren lanak irabazi du, eta "Burdinbideko gizona"k (Colin Firth eta Nicole Kidman) Signis saria eraman du. Bestalde, aipamen berezia zor zuten, epaimahaikideen arabera, "Ile txarra" venezuelarrak eta "October November"ek.
Gipuzkoako Odol-emaileen Elkarteak ematen duen aintzatespena, Elkartasunaren Saria, "Arima sendatzen didazu" François Dupeyronen filmarentzat izan da.
Sebastiane atalean, lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen egunerokoa ondoen irudikatzen duen filmarentzako saria "Dallas buyers club" lanak hartu du, eta "Ile txarra"k aipamen berezia jaso du sail honetan ere.
Azkenik, Zinema Eraikitzen saria Juan Martin Hsu argentinarrarentzat izan da.
Jean-Pierre Jeuneten azken filma
Saridunen berri izateko harra aseta eta itxiera galaz gozatu eta gero, "The Young and Prodigious T.S. Spivet" filmaren mundu mailako estreinaldia ikusi ahal izan dute Donostiako Zinemaldiaren amaierako galan bertaratutakoek, Jean-Pierre Jeunet filmeko zuzendaria eta Kyle Catlett protagonista bertan zirela, baina, iragarri bezala, Helena Bonham Carterren bajarekin. Catlett aktore gazteak zale guztien eskaerei erantzun die, lasaitasun handiz, galaren aurreko alfonbra gorrian.
Filma Jean-Pierre Jeunet zinemagile frantziarraren azken lana da. Aurretik, zinemaren klasiko garaikide handietako bat, "Amelie" (2001), "Delicatessen" (1991), "La cité des enfants perdus" (Haur galduen hiria, 1995) eta "Alien Resurrection" (1997) egin ditu, besteak beste, Jeunetek.
Hiru dimentsiotan filmatuta dago istorioa, eta T.S. Spivet du protagonista, Montanako arrantxo batean bizi den hamabi urteko jenioa. Kartografiarako eta asmakerietarako duen talentu izugarriak laster izango du ordaina. Zientzia-erakunde batek prestigio handiko saria emango dio eta herrialde erdia zeharkatu beharko du haren bila joateko.