Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

67. edizioa

'La trinchera infinita' Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da

eitb.eus

Donostiako Zinemaldiak 67. edizioan egongo diren Espainiako Estatuko filmak aurkeztu ditu Madrilen. Maider Fernandez Iriarte, Ion de Sosa, Izibene Oñederra eta Maddi Barberren filmak ere ikusiko dira.

1:31
'La trinchera infinita'ko lantaldea

"La trinchera infinita" Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi euskal zuzendarien ("Loreak", "Handia") lan berria Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da irailaren 20tik 28ra, Urrezko Maskorraren bila, zinema-jaialdiaren arduradunek gaur Madrilen iragarri dutenez.

Zinemaldiak aurten Donostiako jaialdiaren sail nagusietan ikusiko diren Espainiako Estatuko pelikulak aurkeztu ditu gaur, eta ekitaldi horretan jakin dugu, 2014an "Loreak" eta 2017an "Handia" filmekin egin zuten bezala, Moriarti ekoiztetxekoak Sail Ofizialean izango direla, oraingoan EiTBren parte-hartzearekin gaztelaniaz filmatutako "La trinchera infinita" istorioarekin.

Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktoreak protagonista dituen lanean, 1936ko uztailean Espainiako Gerra Zibila hasi ondoren, errepresalien beldur etxean ezkutatuko den gizon baten istorioa du kontagai. 33 urte pasatu arte ez da kalera berriz irtengo.

Euskal sortzaileekin jarraituta, Sail Ofizialetik kanpo, Maider Fernandez Iriarteren opera prima, "Las letras de Jordi", estreinatuko dute New Directors zuzendarien lehen eta bigarren filmak biltzen dituen sailean. Zuzendariak garuneko paralisia duen 51 urteko gizon batekin duen harremanari buruzko lana da.

Gainera, Zabaltegi-Tabakalera sailean, iaz "592 metroz goiti" film laburrarekin ere hautatu zuten Maddi Barber Lakabeko zinemagileak "Urpean lurra" film ertaina erakutsiko du, eta Ion de Sosa gipuzkoarrak Chema García Ibarra Alacanteko zuzendari, gidoilari eta ekoizlearekin batera eginiko lan bat, "Leyenda dorada", aurkeztuko du, Berlinalen erakutsi eta gero.

Izibene Oñederrak hirugarrenez hartuko du parte Zinemaldian, oraingoan "Lursaguak / Escenas de vida" lanarekin.

Espainiako zinema

Madrilgo Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzako agerraldian zehaztu dutenez, Sail Ofizialean ikusgai egongo dira "La hija de un ladrón", Belén Funesen lehen film luzea, eta "Mientras dure la guerra", Alejandro Amenabarren pelikula berria, zeinetan Karra Elejaldek Miguel Unamunorena egiten baitu.

Daniel Sanchez Arevalok (Madril, 1970), bestalde, lehen aldiz hartuko du parte Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo, "Diecisiete" lanarekin.

Sail Ofizialeko emanaldi berezien atalean, "La odisea de los giles" Sebastián Borensztein argentinarraren filma proiektatuko dute.

Perlak sailean, bestalde, Oliver Laxeren (Paris, 1982) "O que arde" ikusi ahal izango dugu, EiTBren parte-hartzea duen filma, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria jaso zuena.