Itxi

Zinemaldia

Irailak 24

'Agur Etxebeste!' pelikularen estreinaldia hartuko du Euskal Zinemaren Galak

eitb.eus

Gainera, Maider Fernández Iriartek 'Las letras de Jordi' aurkeztuko du New Directors sailean. Ofiziala hiru pelikula berrirekin dator gaur.

  • 'Agur Etxebeste!' emango dute Euskal Zinemaren Galan

    'Agur Etxebeste!' emango dute Euskal Zinemaren Galan.

Donostiako Zinemaldi osoan zehar izaten ari da euskal zinema, baina gaurko eguna berezia da bertako zinemazaleentzat, EiTBk finantzatutako Agur Etxebeste! pelikula, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako lanaren bigarren zatia, izango baita Euskal Zinemaren Galaren protagonista.

Oraingoan, 14 urte geroago, Patrizio Etxebestek (Ramon Agirre) alkatetza Maria Luisa emazteari (Elena Irureta) uztea erabaki du, baina ez da hain erraza izango. Estreinaldia 21:30ean izango da, Victoria Eugenia Antzokian.

Hiru pelikula berri Sail Ofizialean

Ameriketako hiru film dira eguneko proposamenak lehiaketa ofizialaren barruan: Pacificado (Baketua, Paxton Winters), Brasilgoa; Vendrá la muerte y tendrá tus ojos (Herio etorri eta zure begiak izango ditu, Jose Luis Torres Leiva), Txile, Argentina eta Alemaniakoa, eta Il pleuvait des oiseaux (Eta txori-jasa egin zuen, Louise Arcambault), Kanadakoa.

Lehenengoa faveletako familia baten erretratu indargarria da; bigarrena, bizitza osoa elkarrekin eman duten bi emakumeren istorio baten gaixotasunaren aurrean, eta hirugarrena, Jocelyne Saucierren hiru ermitau zaharri buruzko eleberriaren moldaketa.

Euskal estreinaldia New Directors sailean

Maider Fernandez Iriarte zuzendari gazteak bere lehenengo film luzea aurkeztuko du: Las letras de Jordi. Ikusmira Berriak programaren barruan garatutako filma da, eta EiTBren finantzazioa jaso du.

Oliver Laxeren pelikula berria Perlak sailera heldu da, eta hori ere EiTBk finantzatu du. O que arde filmean, su bat eragiteagatik kartzelan egon berri den gizon baten istorioa kontatzen du zuzendari galiziarrak.

Gainera, Zinemira atalean lehenengo aldiz ikusi ahalko da Mikel Rueda zuzendariaren El doble más quince, EiTBk finantzatutako lana. Internet bidez elkar ezagutu duten 45 urteko emakume baten eta 16 urteko mutil baten arteko istorioa da.

Culinary Zinema sailean, beste euskal pelikula bat egongo da ikusgai, Zer jan hura izan, Igor Arabaolazarena, eta hiru film berri helduko dira Horizontes Latinos sailera: De nuevo otra vez (Romina Paula), La ola verde (Juan Solanas) eta Araña (Andres Wood).