Itxi

Zinemaldia 2024

Donostia Saria

Penelope Cruzek txalo zaparrada artean jaso du Donostia Saria, Bonoren eskuetatik

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako aktorea inoiz Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria jaso duen antzezlerik gazteena da.

6:29
Penelope Cruz.

Donostia Saria jaso du Penelope Cruzek Kursaalean, Zinemaldiaren 67. edizioan. Pantailaren aurrean egindako ibilbide profesionala aintzat hartzen duen saria Bonok, U2 musika taldeko liderrak, eman dio.

Txalo zaparrada luzea jaso du aktoreak. Publikoan zeuden, besteak beste, Javier eta Carlos Bardem aktoreak eta Fernando Leon de Aranoa zuzendaria.

45 urterekin, inoiz Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria jaso duen aktorerik gazteena da Cruz.

Era berean, Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria eskuratzen duen bosgarren aktore espainiarra da. Besteak dira Fernando Fernan Gomez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008) eta Carmen Maura (2013).

Hiru aldiz lehiatu da Sail Ofizialean: Todo es mentira (Alvaro Fernandez Armero, 1994), Volavérunt (Bigas Luna, 1999) eta Venuto al mondo (Sergio Castellito, 2012). Gainera, azken aldiz Donostiako Zinemaldira Loving Pablo aurkeztera joan zen Perlak atalean, 2017an, Javier Bardemekin batera.

Woody Allenek zuzendutako Vicky Cristina Barcelona pelikulagatik Oscar bat eta Bafta bat irabazi zuen, eta hiru Goya sari irabazi ditu, Fernando Truebaren La niña de tus ojos, Pedro Almodovarren Volver eta Vicky Cristina Barcelona pelikulengatik.

Sari emate hau berezia izan da, edozein kasutan, Espainiako aktorearentzat. Izan ere, U2 taldeko Bono saria emateko joan da bereziki Donostiara, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak azaldu duenez.

Bere hitzaldiaren azken zatian, aktoreak genero indarkeriaren biktimak izan ditu gogoan, eta haiei "hasieratik" entzutea eskatu du.