Itxi

telebista

Gaur, 22:15ean

Arabako Mendialdeko sukaldaritza, 'No es País para Sosos' saioan

Ramon Rotetak eta Ander Gonzalezek erronka latza daukate. Mikel Losada aktorearen gustuko platerak prestatu beharko dituzte, bertako produktuekin.

  • No es País para Sosos. Argazkia: EiTB

    Ander Gonzalez, Mikel Losada eta Ramon Roteta. Argazkia: EiTB

Gaur gauean, 'No es País para Sosos' saioan, Ramon Roteta eta Ander Gonzalez Euskal Herriko toki hotzenetako batean ibiliko dira: Arabako Mendialdea eta Kanpezu. Bertako produktuak ezagutuko dituzte, eta Mikel Losada aktorea izango dute gonbidatu. Sukaldariek Losadaren gustuko platerak prestatu beharko dituzte.

Arabako Mendialdea: Toki garaietako zaporeak

Urizaharrean ekingo diote bidaiari Anderrek eta Ramonek, eta erronka politari egin beharko diote aurre bertan. Bernedon, aldiz, Mikel Losadarekin karramarroak zikiratzen eta lepoa mozten ikasiko dute, bertako gastronomiaren sekretuak ezagutu ahal izateko.

Anderrek Done Bikendi Haranean ekingo dio bakarkako ibilbideari. Ondoren, leka-landa bat ezagutuko du, eta txitxirioz, txorizoz eta barazkiz egindako plater gozoa probatuko du.

Ramonek, bestalde, Santikurutze Kanpezun ekingo dio bakarkako ibilbideari. Herri horretan dago sukaldari profesionalek erabiltzen duten irina ekoizten duen fabrika. Jarraian, boilurren munduan sartuko da. Patata egosiak gaztarekin eta galeperraren arrautza trufatuekin egindako platera jango du.

Bi sukaldariak Urturin elkartuko dira berriro Mikel Losadarekin. Saio honetako ezusteetako bat jasoko dute bertan, Ramon, Ander eta Mikel golf-zelai batean batuko baitira. Ea zer eskaintzen diguten Anderrek eta Ramonek golfa bezalako kirol serio batean! Golfeko klubaren barruan, Bernedoko odoloste-budinezko pintxoa probatzeko aukera izango dute. Ondoren, sukaldariek bakarkako bideari ekingo diote berriro.

Antoñanara joango da Ander, eta Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariarekin aurkituko da bertan. Musikari arabarrak ska dantzatzen erakutsiko dio Anderri. Herri honetan, bertako beste produktuetako bat prestatuko dute: arrankaria edo amuarraina. Ramonek, bestalde, esperientzia bitxia izango du Bujandako santua den Fausto deunarekin. Maeztun ehizaren munduan sartuko da, erbia royal eran prestatzeko.

Amaitzeko, Ramon eta Ander elkarren aurka arituko dira, Mikel Losada epaile dutelarik. Nork islatuko du ongien Arabako Mendialdeko gastronomia?

'No es País para Sosos' gaur eskainiko du ETB2k, 22:15ean.