Itxi

telebista

Hitzarmena

EiTBk eta Korrikak lankidetza berritu dute

A.E. | EiTB

EiTB bidelagun izango du AEK-k, martxoaren 30etik apirilaren 9ra ospatuko den euskararen aldeko lasterketan.

Euskal Irrati Telebistak eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, AEK-k lankidetza-hitzarmena sinatu dute Korrikaren inguruan, astelehen honetan, Bilbon. Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia eta Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia nahiz Asier Amondo Korrikaren arduraduna, bat etorri dira euskararen aldeko lasterketari zabalkundea emateko itun honek duen garrantzia azpimarratzerakoan.

Itunaren ildoari jarraituta, 20 urte betetzen dituen euskararen aldeko lasterketaren promozioa egingo du EiTBk hedabide guztietan, eta, horrez gainera, EiTBren logotipoa Korrikaren euskarrietan  agertuko da babesle gisa.

Datorren ostegunean, halaber, BatZuk. Euskararen lau aurpegi dokumentalaren  estreinaldia egingo da EiTBko Bilboko Multibox aretoan. 20garren Korrikarentzat AEK-k eta Hiru Damatxo Ideia Faktoriak egindako ikus-entzunezkoa da. Lau protagonista ditu: lau euskaldun berri, Maika, Dani, Elena eta Ander. Beste askoren artean, euskararekin harremana duten lau lagun dira, euskararen lau aurpegi. Aurpegi ezagunak izan ere, euren lanbide, zaletasun edota gizarte konpromisoagatik.

Maika Etxekopar antzerkilari, kantari eta musikari zuberotarra da; Dani Alvarez EiTBko kazetari galiziarra, aspaldian Bilbon bizi dena; Elena Caballero, La Basu, Euskal Herriko emakumezkoa raparen ikur nagusia da, eta Ander Larunbe, erdi eskoziar erdi iruinsemea, ezaguna da Iruñeko hainba eremutan egin duen lanagatik.

Euskal Herrian euskara eta hizkuntzak bizitzeko hainbat modu daude, pertsona bakoitzeko bat, BatZUK: zenbait elkarren oso antzekoak, beste zenbait ia antagonikoak. Lan honetan horietariko lau ezagutuko ditugu, testuinguru ezberdinetan bizi diren lau herritarren bizitzetan sartuko da dokumentala.

Euskaraz bizi den jendea, edo euskarara hurbildu dena, masa homogeneo izatetik urrun, kolore eta ñabardura askotako multzoa da, eta aniztasun horren argazki bat da dokumental hau.

Euskaldun izateko milaka modu daude, Maikak, Danik, Anderrek eta Elenak, haien hizkuntza-aberastasuna eta kultura aniztasunetik, bat egiten dute euskararekin.  Dokumentala Korrikaren datetan izango da ikusgai ETBn.

Berebat, Korrikak Otxandiotik Iruñera egingo duen bidearen berri zehatza emango dute EiTBko hedabideek (ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak) egunero, programa zein albistegietan. Korrika Kulturalari ere jarraipena egingo zaio.

Beste eduki berezi batzuen artean, ETB1eko 'Burubero' lehiaketaren aste berezia Korrikari eskainia izango da martxoaren 27tik 31ra bitartean (19:00etatik 20:00etara). Bilduko den dirua Korrikarentzako izango da.Lehiakideak bereziak izango dira: Korrikaren historian abestiak egin edo kantatu dituztenak parte hartuko dute, Korrikarekin harreman estua izan dutenak, alegia. Besteak beste, Xabi Solano,  Ixiar Oreja,  Ines Osinaga  eta  Iñaki Ortiz de Villalbak parte hartuko dute.

Bestalde, eitb.eus-ek, atari berezia prestatu du Korrikaren jarraipena egiteko eta Gazteako webaren bidez sartu daiteke bertan. Korrikaren inguruko bideo, zuzeneko eta berri guztiak bilduko dituzte orrialde horretan.