Itxi

telebista

Programazioaren aurkezpena

Aktualitate, natura, gastronomia, fikzio eta kirol saio berriak ETBn, uda honetan

EITB Media

Estreinaldien artean ditugu Dani Alvarezen "El Día de Mañana", Joseba Arguiñanoren "Altxa Txapela", "Beti Mugan" euskarazko fikzioa eta "Natura Bizia" dokumental saila Alberto Iñurrategirekin.

  • Euskal Telebistaren udako programazioaren aurkezpena

    Euskal Telebistaren udako programazioaren aurkezpena. EITB Media

2021eko udarako prestatu duen programazioaren nondik norakoak aurkeztu ditu Euskal Telebistak ostegun honetan, uztailak 1, Getariako Cristobal Balenciaga Museoan. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gidatu du ekitaldia, eta alboan izan ditu Joseba Urkiola EITB Media Kiroletako zuzendaria eta zenbait kazetari eta aurkezle: Dani Alvarez, Julian Iantzi, Javi Sierra, Ander Gonzalez, Maddalen Arzallus, Xabier Sukia, Asier Odriozola, Itziar Alduntzin, Xabier Usabiaga, Fermin Aramendi, Maitane Urbieta, Ane Muruamendiaraz, Gentzane Aldai, Ane Arteaga, Juan Carlos Etxeberria, Yerai Diaz eta Lucas Goikoetxea. "Beti Mugan" telesaileko Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Mikel Laskurain eta Mikel Ibarguren antzezleak ere bertan izan dira, eta eta Lexeia Larrañaga "Natura Bizia" lanaren zuzendaria.

"ETBko zuzendari bezala nire lehen prentsaurrekoa, berriki 10 urte bete dituen Balenciaga Museo honetan. 10 urte ondare bat partekatzen, euskal gizarteari ekarpena egiten, eta etorkizunera begira sormen proiekzio handiarekin", adierazi du Unai Iparragirrek agerraldiaren hasieran. Hain zuzen ere "sormenak", "proiektuek", "euskal gizarteari zerbitzua eskaintzeak" eta "aldaketei indartsu ekiteko erronkak" batzen ditu aliantzan EITB eta Balenciaga Museoa, aurkezpena egiteko aukeratutako tokia, alegia.

Gertutasuna eta freskotasuna izango dira, oraingoan ere, ETBren udako programazioaren abiapuntua, betiere aktualitateari eta jendartean interesekoak diren gaiei adi eta entretenimendurik onenarekin orekan. Hala, Euskal Telebistako parrillak eskaintza zabala izango du, eta bertan ez dira faltako gastronomia, musika, kirolak eta euskarazko fikzioa, ezta informaziorik zorrotzenari, azken ordukoari eta analisiari etengabeko arreta ere.

Udak hainbat estreinaldi ekarriko dizkigu, tartean Joseba Arguiñanoren "Altxa Txapela" (ETB1) eta Dani Alvarezen "El Día de Mañana" (ETB2) saio berriak; eta horiekin batera "Beti Mugan" euskarazko fikziozko telesail berria (ETB1), Elena Irureta, Iker Galarza, Miren Gaztañaga, Mikel Laskurain eta Itziar Aizpuru antzezleekin; eta Alberto Iñurrategik aurkeztutako "Natura Bizia" dokumental saila (ETB1).

Gure gauetara itzuliko den saiorik ere izango da uda honetan, besteak beste "Udak Dakarrena" (ETB1), Julian Iantzirekin; eta "El Club del Tupper" (ETB2), Javi Sierra  gidari.

Udako programazioaren aurkezpena: 'El Club del Tupper' (EITB Media)

Udako programazioaren aurkezpena: 'El Club del Tupper' (EITB Media)

Horrez gain, jada erreferente ditugun arratsaldetako programak ez dira faltako: "Joseba Arguiñano Sukalerrian", "Ahoz Aho" eta "Biba Zuek!" ETB1en; eta "QMEC" eta "A Bocados" ETB2n, guztiak ere udako giroan murgilduta.

Aurten ere festarik izango ez den arren, "Oholtzan" saioko kamerak gure herri eta hirietara itzuliko dira osasun egoerari egokitutako ikuskizun eta kontzertu horiek guztiak gerturatzeko; eta, nola ez, kirola izango da aurtengo udako protagonista nagusietako bat Euskal Telebistan, "Plazandreak" saioaren bigarren denboraldiaren estreinaldiarekin eta arraun, txirrindularitza eta pilota emanaldiekin.

Udako programazioaren aurkezpena: 'Plazandreak' (EITB Media)

Udako programazioaren aurkezpena: 'Plazandreak' (EITB Media)

EITBk, ikus-entzunezko talde publiko gisa eta bere erantzukizun sozialetik, hurbilekoari, gure kulturari eta inguruari erreparatuko die berriro ere, betiere globaltasunaren eta modernitatearen ikuspegitik, programazio zabala, askotarikoa, kalitatezkoa eta pertsona guztientzat eskaintze aldera. Non, nola eta noiz nahi gozatzeko eskaintza.

Udako programazioaren aurkezpena: Albistegiak (EITB Media)

Udako programazioaren aurkezpena: Albistegiak (EITB Media)

ETB1

"Joseba Arguiñano Sukalerrian": Uztailaren 5etik aurrera, astelehenetik ostiralera, 13:15ean (udako edizioa)

Joseba Arguiñanok ez du oporrik hartuko eta, udan ere ekarriko dizkigu errezeta goxoak, gonbidatu interesgarriak eta erreportaje mamitsuak. Euskal Herriko sukaldaritza eta udarako planak uztartuko ditu zarauztarrak, eta eguraldi onarekin batera, sukaldea kanpora aterako du. Aiako paraje eder eta ikusgarri batetik egingo du egunero saioa.  Astelehenetik ostiralera, eguerdiro, gonbidatu bat hartuko du bere sukaldean. Plater bat kozinatzen lagunduko dio, eta lagunarteko solasaldiaz disfrutatzeko aukera ere izango dute. Ohi bezala, erreportajeak izango dira egunero, eta saioak, gainera, tarte berezia eskainiko die udako planei.

"Udak Dakarrena": Uztailaren 12tik aurrera, astelehenetik ostegunera, 21:30ean (denboraldi berria)

Bigarren urtez, bueltan izango da "Udak Dakarrena" saioa, Julian Iantzik aurkeztuta. Uda giroan, gauetako usaina eta giroa ekarriko digu Iantzik gure etxeetaraino, zuzen-zuzenean; Euskal Herriko txoko ezberdinetatik, istorio eta postalik ederrenak bilduko ditu magazinak. Izan ere, programa Donostian abiatuko da, eta Getaria eta Bilbotik ere pasako da, besteak beste. Aktoreak, kirolariak, sukaldariak, abeslariak, abentura zaleak... denetariko bisitak izango dituzte programa ibiltarian. Hala, bere sofara gonbidatuko ditu Iantzik aurpegirik ezagunenak eta kolaboratzaileak, baina baita herri txikietako protagonista handiak ere. Erreportariak izango dituzte gure kale eta txokoetan, eta egunero bideo eta zuzenekoak egingo dituzte, aurtengo uda gurean nolakoa izango den erakusteko. Horretarako, Julen Hernandez eta Leire Martinez kazetariak izango ditu Iantzik bidelagun. Horrez gain, zuzeneko konexioak ere egingo dituzte programan, munduan zehar dauden euskaldunekin bat egiteko, edo Euskal Herrian uda modu berezian pasatzen ari diren horiek bertatik bertara ezagutzeko. Erritmo biziz, zuzenekoaren indar eta emozioarekin, bizitzari irribarre batekin begiratuz, uda gozatzeko asmoarekin dator "Udak Dakarrena" saioaren bigarren denboraldia.

"Plazandreak": Astelehenetan, 22:20ean (denboraldi berria)

Udaren hasierarekin batera abiatu zen "Plazandreak" saioaren 2. edizioa, ekainaren 21ean eta, hala, emakumeek egindako kirolaren aldeko apustua berretsi du beste behin EITBk. Izan ere, pilotariak ez ezik, aurkezle eta esatariak ere emakumezkoak dira. Emakumeen esku pilota bertatik bertara bizi ahal izango dute ikus-entzuleek, frontoian egongo balira bezala, EITBk emanaldian erabiliko dituen teknologia aurreratuei esker. Abuztuaren 2ra bitartean, sei jardunaldi eta finala izango ditu Laboral Kutxa Plazandreak txapelketak, eta denak Zornotzako pilotalekuan jokatuko dira. Bederatzi pilotarik hartu dute parte: momentuko pilotaririk onenak eta baita etorkizunean izar izango direnak ere.

"Natura Bizia": Uztailaren 13tik aurrera, asteartetan, 22:30ean (estreinaldia)

"Natura Bizia" euskal biodibertsitatea ardatz duen zortzi ataleko dokumental sail bat da, Alberto Iñurrategik aurkeztuta eta Lexeia Larrañagak zuzenduta. Itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak… horiek guztiek izango dute lekua ikus-entzunezko lan honetan. Munduko zetazeo handienen artean egingo dute igeri, hartz arrearen lozorroaren ondorengo lehen pausoez disfrutatuko dute, eta mendietako hegazti ospetsuena den ugatzaren alboan egingo dute hegan. Gertutik biziko dituzte Europako tximeleta ederrenaren metamorfosia eta baita bisoi europarraren eguneroko momentu berezienetako batzuk ere. Basamortua, leku hutsa eta bizitza gabekoa dela iruditu arren, planetako ekosistema aberatsenetako bat dela ere erakutsiko dute. Kantauri itsasoko ur hotzetatik Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara, saioa gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk ezagutzeko bidaia zoragarria da. Dokumental sail hau proiektu zabal baten parte da, joan den apirilean estreinatutako Natura Bizia filmarekin hasitakoa.

"Beti Mugan": Uztailaren 15etik aurrera, ostegunetan, 22:30ean (estreinaldia)

Koronabirus kasurik ez duen herri batean girotutako umorezko fikzioa da "Beti Mugan", eta Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Miren Gaztañaga, Mikel Laskurain, Iker Galartza, Amancay Gaztañaga, Mikel Ibarguren eta Xabi Jabato López aktoreak dira bertan protagonistak. Pausoka ekoiztetxeak sortuta, Jabi Elortegi dugu zuzendaria eta sei  atal ditu telesailak. Covid-19aren pandemia bete betean  dagoen unean, Euskadin kasu bakar bat eduki ez duen herri bat dago: Aldabe. Herri honetako alkateak errepidea ixtea erabaki du, herria isolatu eta positiborik egon ez dadin. Herrian kutsaturik ez dagoenez, bizitza normala egin daiteke bertan. Hori bai: ezin da ezer sartu kanpotik. Alkateak berak dion moduan Aldabe prest dago baliabide propioen bitartez egoerari aurre egiteko, inguruko uzta eta behiekin. Auto-isolamendu honek, ordea, ez die mesede handirik egin zenbait herritarri, eta elikagai urritasunari eta alkatearen kudeaketa kaskarraren ondorioei egin beharko diete aurre.

"Altxa Txapela": Uztailaren 18tik aurrera, igandetan, 22:30etik aurrera (estreinaldia)
 
Joseba Arguiñanok aurkeztutako sukaldaritza lehiaketa berria da "Altxa Txapela", eta Euskal Herriko jaki bereizgarrienen lau ekoizle arituko dira bertan lehian. 2000 euroko saria eta, nola ez, txapela izango dituzte jokoan. Lehiakideak azokara joango dira, eta bakoitzak bere produktuaren kalitatea defendatu beharko du arerioen aurrean. Honako ezaugarri hauek hartuko dira kontuan: produktua bera, ontzia eta kozinatzeko ematen dituen aukera anitzak. Azkeneko hau baloratzeko, lehiakideek euren produktua protagonista izango duen errezeta bat prestatu beharko dute. Edozein azokatan bezala, lehiakide bakoitzak bere postua edukiko du, eta bertan jakia erakutsi beharko du aipatutako hiru bertsioetan. Jakiak estalita egongo dira eta "Altxa Txapela" esandakoan, azpian ezkutatuta dagoena agerian utziko dute. Lehiakideek beraiek emango dituzte puntuazioak eta Joseba Arguiñanok ere epaile lanak egingo ditu, berdinketa egonez gero. Puntu gehien lortzen duenarentzat izango da 2000 euroko saria eta… TXAPELA.

0:29

"Ahoz Aho: Uda": Uztailaren 19tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 16:00etan (udako edizioa)

"Ahoz Aho" saioa ere uda giroan murgilduko da, Ilaski Serranok aurkeztutako "Ahoz Aho Uda" proposamenarekin. Euskal Herrian une honetan ezinbesteko diren sortzaileak eta dibulgatzaileak pasatuko dira bertatik, kulturaren, zientziaren eta beste hainbat gairen inguruko jakin minak asetzeko gogoz. Hala, literatur eskaintza berriena Miren Agur Meabe, Ana Malagon, Nerea Loiola, Nerea Arrien, Oihana Arana, Mikel Reparaz eta Kirmen Uribe idazleekin jorratuko dute. Zuzeneko musika, berriz, momentuko taldeekin: Bulego, Ezpalak, Amak, Xabi Hoo, Afrika Bibang, Postal Kolekzionistak eta Sara Zozaya. Zientzia gaiak Ana Galarragarekin landuko ditu Ilaskik; teknologia berriak, aldiz, Maite Goñiren eskutik. Arkitektura kontuetan Anartz Ormaza izango du, eta animalien kontuen inguruan aritzeko Juan Ignacio Perez Iglesias hartuko du saioan. Zinema eta telesailak ere hartuko dituzte hizpide, Gaizka Izagirre eta Aitor Abaroarekin; eta Iraitz Agirre eta Jasone Osororen ikuspegi kultural eta antropologikoak izango dituzte programan. Sexologia ere jorratuko dute uda honetan Agurtzane Ormatzarekin. Nola ez, ez da faltako elkarrizketaren tartea: Ana Zubiaga zientzialaria, Jagoba Arrasate Osasuna  futbol taldeko entrenatzailea, Martxel Rodriguez dantzaria, Eñaut Barruetabeña diseinatzailea, Josu Okiñena pianista, Ainhoa Tirapu Athleticeko atezain gazteen entrenatzailea eta Kike Amonarriz soziolinguista izango dira horietako batzuk.

"Biba Zuek!": Astelehenetik ostiralera, 18:00etan

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta, ETB1eko arratsaldeetan izango dugu udan ere "Biba Zuek" saioa. Ohi bezala, programaren lehen zatia solasaldia izango da, gai zehatz baten inguruan. Bigarren zatian, berriz, gonbidatuari elkarrizketa egingo diote. Orain arte bezala, kolaboratzaileak izango dituzte, zuzeneko konexioak era erreportajeak. Arratsaldeetako "Biba Zuek!" saioa audientziaren harrera bikaina izaten ari da, eta hazkunde etengabea erakutsi du bere lehen denboraldi honetan. Uztailean zehar du hutsik egingo audientziarekin arratsaldero duen hitzorduari, eta abuztuan ikasturteko laburpena ikusteko aukera izango dugu, formatu txikiago batean.


Kirol emanaldiak zuzenean: Pilota, arrauna eta txirrindularitza

"Plazandreak" saioko emakumezko pilotaren asteleheneko hitzorduarekin batera, ETBk astean zehar hainbat jaialdi eskainiko ditu uda honetan: San Fermin Txapelketa uztailaren 8tik 11ra, CaixaBank Mastersa uztailaren 16tik aurrera eta San Mateo Torneoa iraila bukaeran. San Mateotako Emakume Master Cup txapelketa ere izango dugu ikusgai, uda bukaeran. Horrekin batera, erremonteaz gozatzeko aukera izango da, zuzenean, Hernaniko Galarreta pilotalekutik: uztailean San Fermin Txapelketa; eta irailean, berriz, Banakako Kutxabank Txapelketa. Zesta Puntako hitzorduak ere izango ditugu uztaila bukaeran eta abuztuan: Jai Alai World Tour eta Gernikako Grand Slam.

Larunbat honetan, uztailak 3, abiatuko da arraun denboraldia ETBn, eta astero bi hitzordu izango ditugu: larunbatetan 17:30ean eta igandetan 11:30ean. Eusko Label eta Euskotren ligak eskaintzeaz gain, Euskadiko Traineru Txapelketa izango da ikusgai uztailaren 21ean, Lekeitiotik; eta Donostiako Bandera ere eskainiko da irailean. Estropadak ahal den ikusgarrien eta datuak modu zehatzenean eskaintzeko ahalegin teknologiko handia egingo du EITBk.

Txirrindularitza ere protagonista izango dugu uda honetan Euskal Telebistan. Uztailaren 18ra arte Frantziako Tourra eskainiko da, arratsaldero, zuzenean; eta ondoren Getxoko Sari Nagusia uztailaren 31n eta Burgosko Itzulia, abuztuaren 7tik 13ra.

Herri kirolen leihoa zabalik izango da uda osoan zehar, eta futbola ere ez da faltako, emakumezko zein gizonezkoen Euskal Herria Koparekin.

Kontzertuen eta ikuskizunen emanaldi bereziak

Pandemia dela-eta, uda honetan ere ez ditugu ohiko jaiak izango gure herri eta hiriburuetan. Euskal Telebistak, baina, Lau hiriburu, lau kontzertu udako ekimen berezia jarriko du martxan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan kontzertu bana egin, bertako artista edo talde batekin, eta horiek gure etxeetara ekartzeko. Emanaldiak hiriburu bakoitzeko leku esanguratsu batean grabatuko dira.

Horrez gain, udan ere izango dugu "Oholtzan" saioa, honako musika emanaldi hauekin: Garikoitz Mendizabal eta Germán Ormazabal, Pandero jaialdia Arrasaten, Therry Biscary Zarautzen, Rafa Berrio in memoriam, 44. Donostiako Txistulari kontzertu nagusia eta 'Amaiur, 1521' kontzertua.

"Ez Da Posible!" bereziak, jaiak gogoan

Uda honetan, "Ez Da Posible!" saioaren bost atal berezi izango dira ikusgai, artxiboan arakatuz Euskal Herriko bost jaitan girotuta. Hain zuzen ere, Iruñeko sanferminak; Madalenak Mundaka, Bermeo eta Elantxoben; Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak,  Donostiako Aste Nagusia eta Bilboko Aste Nagusia gogoratuko dituzte programa bereziek. Lehena emisioan sanferminetakoa izango da, uztailaren 6an, 22:30ean.

ETB2

"A Bocados Verano": Uztailaren 6tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 20:15ean (udako edizioa)

Uda honetan ere gurekin jarraituko dute Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek, ordutegi berdinean baina tokia aldatuta. Izan ere, Mirador de Ulía jatetxetik egingo dute "A Bocados Verano" saioa. Han uda giroko platerak prestatuko ditu Ander sukaldariak eta ohitura osasuntsuekin bat egiteko giltzarriak emango dizkigu Gabriela nutrizionistak. Hori dena ohikoa duten freskotasun eta umore onarekin. Gabriela bera ere kalean ikusiko dugu, Iñaki Elorza erreportariarekin, elikagaien inguruan gehiago jakin era horiek kontsumitzeko modu ezberdinen gainean ikasteko. Anderrek, berriz, opor sasoiko ohitura aldaketetara moldatuko ditu platerak, mendian zein hondartzan gozatzeko. Vicky Ortiz erreportaria gure kostaldeko txiringito eta hondartzetako ostalaritza lokaletan izango da, kalitatea toki guztietara heldu daitekeela erakusteko; eta saioaren lagun handi eta kolaboratzaileak ez dira faltako, ezta Anderren eta Gabrielaren arteko gastronomia jokoak ere.

"El Club del Tupper": Uztailaren 12tik aurrera, astelehenetan, 22:30ean (denboraldi berria)

Bueltan da "El Club del Tupper" saioa. Joan den udan saioak izandako arrakastaren ostean, Javi Sierra sukaldariak telefonoa hartu du berriz ere, gure inguruko aurpegi ezagunei gonbidapena egiteko. Sukaldean duten trebetasuna erakustea izango dute erronka nagusi. Kirolariak, antzezleak, abeslariak, aurkezleak, politikariak… hainbat pertsonaia ezagun izango ditugu pantailan, Urrezko Tupperra irabazi nahian. Beste behin, lehiakideek etxean kozinatuko dute, eta egindako platera gainerako lehiakideei bidaliko diete, tupper baten barruan. Plater guztiak probatu ostean, bakoitzak bere faboritoa aukeratuko du; hori bai; oraingoan ere ez dute gainerako lehiakideen izenik jakingo. Amaieran, Tuperraren Klubean elkartuko dira hiru gonbidatuak eta aurkezlea, tuper goxoena zein den aukeratzera. Bozketan berdinketa egonez gero, Javi Sierraren botoak erabakiko du irabazlea nor den. Sukaldaritza, umorea eta aurpegi ezagunak izango dira oraingoan ere "El Club del Tupper" saioaren osagai nagusiak.

"El Día de Mañana": Uztailaren 14tik aurrera, asteazkenetan, 22:30ean (estreinaldia)

Elkarrizketa eta erreportaje saio berria da "El Día de Mañana", Dani Alvarezen ukitu pertsonal eta bereziarekin. Astero, hainbat aurpegi ezagun, entzutetsu eta esanguratsuren alderik pertsonalena ekarriko digu, aktualitateari lotuta, guztion ahotan dauden gaiak hizpide hartuta. Protagonisten artean izango ditugu Edurne Pasaban alpinista eta Joaquín Achúcarro piano-jotzailea. Atapuercara ere egingo du bidaia Danik, Juan Luis Arsuaga eta Paco Etxeberriarekin gure arbasoen sekretuak gertutik ezagutzeko. Politika egiteko duen modu bereziaz aritu da Gabriel Rufianekin; eta Europan muturreko eskuinaren gorakada aztertuko du Sami Nair politologoarekin, Ane Irabazal kazetariarekin eta Antonio Scurati idazlearekin. Miren Arzalluz Pariseko Moda Museoaren zuzendariarekin ere hitz egingo du Danik, eta Ernesto Valverde futbol entrenatzaileren alderik artistikoena erakutsiko digu "El Día de Mañana" saioak. Fernando Aramburu idazlearekin ere izango da Dani, Patria osteko eleberria berriaren argitalpenarekin.

"Vascos por el Mundo": Igandetan, 22:30ean

Udarako helmuga zirraragarri eta dibertigarriak. Batzuetan itsasoa izango da protagonista; eta beste batzuetan, berriz, mendi edo aintzira ikusgarriak. Oporretarako toki bikainak, edonola ere, eta bertan zer kontatu izango duten euskaldunak bidelagun. Hauek izango dira "VXM" saioaren udako denboraldiaren osagai nagusiak. Lucas Goikoetxea, Carolina Calvo, Pedro Mardones, Joana Etxabe eta Arantzazu Fuertes erreportarien eskutik, hainbat toki bisitatuko ditu ikusleak, tartean Cancuneko hondartzak,  Dakarreko basamortu erraldoia edo Kaliforniako kostalde harrigarria. Miloi bat kilometro egin ditu jada "Vascos por el Mundo" saioak, eta 120 leku ezberdinetan izan da, mila bat euskaldunen eskutik. Oraindik, baina, badago zer ikusi eta nor ezagutu, eta uda honetan ere bidaian jarraituko dute.

ETB, aktualitatean eta informazioan erreferente

Nola ez, ETBk informazioari eta aktualitateari adi jarraituko du, aurtengo udan txertaketak, pandemiaren bilakaerak eta, oro har, koronabirusak eragindako egoerak markatutako informazioari eta gaurkotasunari adi. "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek egunero bertako eta kanpoko berriak ekarriko dituzte, eta jarraipen zabala egingo diote covid-19aren inguruko nobedadeei. Ildo beretik, uztailean, Xabier Lapitzek aurkezten duen "En Jake" saioak aktualitatea, eztabaida eta analisia ekarriko dizkigu uztaileko goizetan; eta arratsaldetako "Qué Me Estas Contando" saioak, Asier Odriozola eta Itziar Alduntzinen eskutik, eguneko klabeak eta gakoak mahai gainean jartzen jarraituko du uda osoan zehar, gaurkotasuneko gaiei testuingurua emanez. Kalera atera ohi diren kazetariek azken orduko gertakarien berri ematen jarraituko dute, eta ez dira faltako analisirako solasaldiak, besteak beste gizarte eta politika gaiak hizpide hartuta. Kezka eta interesekoak diren gai guztiak jorratuko ditu, arratsaldero, "QMEC" saioak.

ETB3

Txikienek uda ahalik eta ondoen igaro dezaten, programazio berezia osatu du ETB3k. Hala, oporraldiaren hasierarekin batera, "Dave Spuden mundu kaskarra" marrazki bizidun berriak eta "Buck" telesaila estreinatu ditu ETB3k. "Mya Go" marrazkien atal berriak uztailaren 5ean iritsiko dira; eta uztailaren 12an, berriz, "Oum, izurde zuria" marrazki bizidun berriak estreinatuko dituzte. Uda honetan ez dira faltako  "Hardball", "Sorgin baldarra", "Floorren arauak", WZombielars", "Isatsdun heroiak: animalien detektibeak" eta "Go!azen" gaztetxoentzako telesailak; eta film luzeak ere eskainiko dira igande arratsaldetan.