Baserria
Audientziak
Emaitza bikainekin bukatu da "Baserria" saioaren final handia
EITB Media
Denboraldian, batez beste, lider izan da euskaldunen artean, eta bereziki arrakastatsua 25-44 urte bitarteko ikus-entzuleen artean. Hasiera paregabea izan zuen atzo EITBren Twitch kanal berriak.
-
Gontzal eta Gari "Baserria" saioaren lehen edizioko irabazleak. Argazkia: EITB Media
Emaitza bikainekin bukatu da igande honetan "Baserria" saioaren final handia. Gari eta Gontzal izan dira lehen edizio honetako irabazleak, eta martxoaren 7ko saioak % 5,4ko audientzia-zatia eskuratu du, eta % 11,8ko kuota euskaldunen artean.
Igande honetako atalak denboraldian zehar realityak lortutako emaitza onei eutsi die. Izan ere, Klaudio Landak aurkeztutako lehiaketako bederatzi atalak kontuan hartuta, batez beste, saioak % 4,7ko audientzia-zatia eskuratu du, eta lider izan da euskaldunen artean % 11,9ko audientzia-zatiarekin. Bereziki, 25-44 urte bitarteko ikus-entzuleen artean izan da arrakastatsua lehiaketa, adin tarte horretan lider izan baita "Baserria", denboraldiko batez bestekoa kontuan hartuta. Aste hauetan, 120.000 ikus-entzuleko batez besteko audientzia-metatua izan du Euskadin eta eragin eremuan.
Horrez gain, final handiak 3.431 erabiltzaile bakar bildu ditu eitb.eus-en, eta 8.754 izan dira orrialde ikusiak igande honetan. Denboraldi osoko datuak kontuan hartuta, 77.733 erabiltzaile bakar sartu dira "Baserria" programako webgunean edo edukietan saioa hasi zenetik, eta 346.738 izan dira orrialde ikusiak.
Hasiera bikaina EITBtwitch kanal berriarentzat
Atzo, "Baserria" saioaren final handiaren harira, EITBk EITBtwitch kanal berria estreinatu zuen Twitch zuzenekoen plataforma ezagunean, emaitza bikainekin gainera.
Erretransmisioak 1217 erabiltzaile bakar bildu zituen, eta 2261 zuzeneko ikustaldi. Aipatzekoa da 137 lagunek hartu zutela parte zuzenean emanaldiaren chat-ean. Alex Padilla Gaztea irratiko sare sozialen arduradunak aurkeztu zuen jarraipen berezi hori, eta bi streamer izan zituen alboan: Arkkuso eta Nebukai. 20:45ean hasi zen zuzeneko erretransmisioa, eta hiru orduz aritu ziren ETB1eko realityaren kontakizuna egiten. Behin finala bukatuta, Gontzal aurtengo irabazleetako bat eta Xabi finalista ere zuzenean aritu ziren Twitchen. Aurrerantzean, asmoa da kirol emankizunen zenbait erretransmisio ere egitea.
Twitch kanalarena ez zen izan, ordea, sare sozialetan egindako jarraipen berezi bakarra. Izan ere, Instagram Live berezia ere egin zuten finalaren aurretik, Edurne Garmendiak aurkeztuta, eta 175 pertsona inguruk jarraitu zuten.
Finalaren ostean, beste bi saio berezi: "Baserria: Azken Negutegia" eta "Baserritik Kalera"
Igande honetako finalarekin, baina, ez da bukatuko aurtengo abentura, beste bi saio berezi ere izango baititu lehen edizio honek: "Baserria: Azken Negutegia" eta "Baserritik Kalera".
Batetik, martxoaren 14an (igandea), "Baserria: Azken Negutegia" debate saio berezia izango da platoan, Klaudio Landak aurkeztuta eta aurtengo lehiakide guztiekin. Negutegiaren espiritua platora eramatea da asmoa, eta lehiaketak utzi dituen kontuen analisia eta eztabaida egiteaz gain, han argituko da nortzuk diren ikus-entzuleen ustez baserritar eta kaletar onenak; izan ere, "Baserria" saioaren webgunean, lehiaketa dago martxan, kaletar onena eta baserritar onena aukeratzeko. Martxoaren 14an jakingo dugu nortzuk diren ikus-entzuleentzat lehiakiderik onenak.
Bestalde, martxoaren 17an (asteazkena), erreportaje berezi bat eskainiko da, "Baserritik Kalera" izenekoa. Bertan, lehiaketako zenbait bikote elkarrekin ikusiko ditugu berriz, baserritarrak euren bikotekide kaletarra bisitatzera joango baitira hiri edo herrietara.
ETB1en eta eitb.eus-en izango dira bi saioak ikusgai.
Denboraldi berrirako castinga martxan
Lehen denboraldiak izan duen harrera ona ikusita, "Baserria" saioaren bigarren edizio bat egingo da. Maiatza aldera hasiko da grabatzen denboraldi berria, eta jada martxan da bertan parte hartzeko casting deialdi erraldoia. Izena emateko bi bide daude: 620249988 zenbakira WhatsApp mezu bat bidali edo proiektuak@orioprodukzioak.eus helbidera mezu bat idatzita.
Lehen egun hauetan, dagoeneko 300 lagunek eman dute izena baserritar zein kaletar modura "Baserria" saioaren bigarren denboraldian parte hartzeko.