23:01

Trafikoa

Auto-istripua

Bi lagun hil dira eta haur bat larri zauritu Zornotzan, auto-istripuz

Erredakzioa

Autobus batek eta auto batek talka egin dute parez pare. Autoan zihoan bikote bat hil egin da eta haien iloba larri eraman dute ospitalera. Autobuseko 20 bidaiarik zauri arinak dituzte.

94
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Bi pertsona hil dira eta 20 inguru zauritu, bat larri, autobus batek eta auto batek parez pare talka eginda, Zornotzan (Bizkaia), N-634 errepidean, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Hildakoak autoan zihoazen eta horien iloba ere ibilgailuaren barruan zegoen istripua gertatu denean. Larrialdi zerbitzuetako helikoptero batek eraman du neskatoa Gurutzetako ospitalera, larri zaurituta, eta Zainketa Berezien Unitatean sartu dute pelbisa hautsita eta biriketan kolpe handia hartuta.

Bizkaibus zerbitzuko autobusa da istripua izan duena eta 20 inguru bidaiari zauritu egin dira, baina badirudi inor ez dagoela larri.

Errepidea itxi egin behar izan dute, baina dagoeneko zabalik dago.

Kamioi bat irauli egin da

Bestalde, Arrigorriagako Ertzaintzak eta Udaltzaingoak BI-625 errepideko zirkulazioa bideratu behar izan dute. Izan ere, Scania kamioi bat irauli egin da 13:45ak aldera.

Istripuan 49 urteko kamioilaria arin zauritu da, baina Galdakaoko ospitalera eraman behar izan dute. Errepidea itxita egon da eta zirkulazioa Ugarteko industrialdetik desbideratu dute.


Iruzkinak