Mundua
Uranioaren aberastea
Irani zigor berriak jartzeko lanean ari direla esan du Obamak
Erredakzioa
Dena dela, AEBEtako presidenteak ez du zehaztu noiz jarriko dituen zigorrak. Hori bai, prozesua "nahiko azkar" doala ziurtatu du.
Gobernua Iranen kontrako "zigor erregimen garrantzitsu bat" egiten ari dela esan du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Teheran uranioa % 20an aberasten hasi da eta horrela OIEAren eskaintzari uko egin dio.
5+1 Taldeko (Txina, AEB, Frantzia, Britainia Handia, Errusia eta Alemania) kideekin batera Iranen kontrako zigor berriak noiz planteatuko dituen ez du zehaztu Obamak, baina prozesua "nahiko azkar" doala gaineratu du.
Natanzeko zentral nuklearrean uranioa % 20an aberasten hasi dela jakitera eman du Iranek. Bien bitartean, Mendebaldeko herriak Islamiar Estatuari zigor gogorragoak ezartzeko lanean ari dira, batez ere herriko agintariei.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (OIEA) egindako eskaintza ez zuen onartu Teheranek eta, nahiz eta bere programak helburu zibilak dituela errepikatu, "arma" nuklearrak "pilatzeko" bideari baino ez dio ekin, AEBetako agintariaren hitzetan.
Adiskideen babesa
Momentuz, AEBek nazioarteko kideen babesa jaso du NBEko Segurtasun Kontseiluan zigor berriak bultzatzeko eta Errusiaren jarrera laudatu du Obamak, izan ere, gainerako potentziekin bat egiteko gogoa azaldu du.
Arazoa Txina dela ematen du, azken egunetan presioa baino elkarrizketa eta negoziaketa nahiago dituela esan baitu nazioarteko zenbait forotan.