Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Mamia izan duen goi-bilera

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Ukrainari buruzko bilera iragarri dute, AEBko multinazionalen teknologikoen fiskalitateari buruzko akordioa izan da eta 18 milioi euro bideratuko dituzte Amazoniako herrialde guztientzat.

Azkenean Trump eta Rohani AEBko eta Irango presidenteen arteko bilera egiten bada, miraria izango da. Iranek eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) 40 urte daramatzate arerio sutsuak izaten. Egia esan, Trumpek ez du Macronek proposatutako bilera hori konfirmatu. Esan zuen "beharrezko baldintzak betez gero" bilduko dela berarekin, hori ezer ez esatea bezala da.

Ezustean egindako iragarpen horrez gain, Biarritzeko G7aren goi-bilerak espero zena baino mami gehiago utzi du. Ukrainari buruzko bilera iragarri dute, bertan Ukraina, Errusia, Frantzia eta Alemania egongo dira, eta ziur hori behintzat egingo dela. Trump eta Macron bat etorri dira AEBko multinazional teknologikoen fiskalitatea berrikusi beharraz, horiek lan egiten duten herrialdeetan ordain dezaten zergak. 18 milioi euro onartu ziren Amazoniako herrialde guztientzat, ez soilik Brasilentzat, hegazkinak erosi ditzaten oihaneko suteen kontrako borrokan aritzeko. Beste 225 milioi ere bai Garapenerako Banku Afrikarraren funts batentzat, Afrikako emakume ekintzaileak babesteko bideratuta dagoena.

Pena ez dela aurrerapausorik eman klima aldaketaren inguruan; Trump, gainera, ez zen horri buruzko saiora joan ere egin, eta bakarrik utzi zituen beste sei herrialdeetako ordezkariak. Oro har, esan liteke goi-bilera arrakastatsua izan dela eta Macronek nazioarte mailako estatuburuaren irudia eman du.