Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Erantzukizuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Herbeheretan Shell konpainiaren kontra aste honetan hasi den epaiketan ingurumenari egiten diogun kalteari buruzko eztabaida piztu da.

Herbeheretan aste honetan hasi den epaiketan, ingurumenari egiten diogun kalteari buruzko eztabaida piztu da, eta akusatuen abokatuek erakutsi dute erruak eta erantzukizunak zehaztea uste baino zailagoa dela.

Lurraren Lagunak izeneko erakunde ekologistak, beste pertsona eta talde ugarirekin batera, Shell konpainia auzitara eraman du. Herbeheretan eragiten den kutsaduraren erantzule nagusia izatea leporatu diote eta klima aldaketaren errudun nagusia, munduko beste hainbat konpainiekin batera. Salaketa egin dutenek diote Shellek neurri gabe kutsatzeaz gain, iritzi publikoari gezurra esaten diola, energia berriztagarrietan inbertitzen ari dela adierazten duelako eta garapen jasangarriaren alde dagoela. Baina enpresaren inbertsioek diote erregai fosiletan erabiltzen duela diruaren % 95 eta energia garbietan % 5. Hori bai diru asko erabiltzen duela propaganda egiteko, bere ustezko lorpen ekologistak goraipatzeko eta komunikabideak hori argitaratzera behartzeko.

Shellen jarduera giza eskubideen aurkakoa dela diote ekologistek eta horregatik gas kutsakorren murrizketa zehatza eskatzen diote, epeetan eta kopuruetan. Herbeheretan gainera aurrekaria badute, bertako Auzitegi Gorenak gobernua behartu zuelako plan zehatzak egitera berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murrizteko, herritarren eskubideak eta osasuna babestu behar dituelako. Orain beste horrenbeste erabakitzea nahi dute talde ekologistek, portaera eta ondorioak bertsuak direlako itxuraz.

Baina Shell konpainiako abokatuen defentsa arrazoiek beste kontu batzuk ere agerian utzi dituzte. Enpresak dio berak ekoizten duena ekoizten duela eskaria dagoelako, guztia kontsumitzen delako. Gure sistema ekonomikoaren oinarria direla oraindik ere erregai fosilak eta hori aldatzea ez dagokiola berari, gobernuei baizik, besteak beste Klima Aldaketaren aurka Parisen sinatutako hitzarmena betearaziz eta horretarako lege egokiak onartuz. Baina gainera, diote abokatuek herritarrei ez zaie erantzukizunik eskatzen, baina beraiek dira kontsumitzaileak eta euren portaeraz egungo ereduak iraunkor bihurtzen dituztenak.

Herritarrek ez dute erantzukizunik onartzen, askoz errazagoa zaielako konpainia handiei erru guztia leporatzea. Gobernuek, aldiz, ez dituzte mingarriak eta deserosoak izan litezken erabakiak hartu nahi, boto-emaileen haserrea eragin lezaketelako. Gutxiago kontsumitzea, garraio publikoa erabiltzea, zaborra birziklatzea eta ingurumenaren alde bizimodu agian zertxobait deserosoagoa dira gaurko egoera eta joerak aldatzeko modua, eta hori herritarron esku dago, eskaintzarik ez dagoelako eskaririk gabe. Abokatuei ez zaie arrazoirik falta.