Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Errusiarekin krisiaren erdian, arrailak Ukraina eta Alemaniaren artean

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Ukrainak Alemaniaren aurka egin du, armak ukatzeagatik. "Ukraina ez dago armen enbargopean zigortuta". gaineratu du Ukrainako Atzerri ministroak.

Ukrainak, Smytro Kuleb bere atzerri ministroaren bitartez, gogor salatu du Alemaniaren jarrera, Ukrainari armak ukatzeagatik. "Desengainatuta gaude Alemaniak ez dizkigulako bidaltzen defentsarako armak, batez ere egoera honetan". Adierazpen horiek Alemaniako Die Welt Am Sonntag igandeko aldizkariari egin dizkio ministro ukrainarrak, eta zera gaineratu du: "Gainera oraindik gehiago atsekabetuko ginateke, Alemaniak guri armak bidaltzeari uko egiteaz gain, beste batzuei ere bidaltzea oztopatuko balie".

Wall Street Journal Ameriketako Estatu Batuetako egunkariak ere ostiral honetan zioenez, Alemaniak debekatu egin du, Estoniaren bitartez, Ukrainara armak bidaltzea. Ukrainako Atzerri ministroak joera hori kritikatu du gogoratuz, "Ukraina ez dagoela armen enbargopean zigortuta" eta azpimarratu duenez, "Ukrainak suntsipena eta galerak Munduko Bigarren Gerran ere jasan zituen".

Salaketa hauek gertatu ziren unean, Alemanian beste eztabaida bat ere sortu du gorengo agintari militarrak egindako adierazpenak. Kay-Achim Schönbach almirante ordeak zera esan zuen: "Vladimir Putinek benetan nahi duena da, begirunez tratatua izatea da, eta seguruenik merezi du". Militar alemaniarrak zera gaineratu du: "Errusiak ez du sekula Krimea itzuliko" eta "Errusiarekin aliantza bat beharrezkoa da Txinari aurre egiteko". Adierazpen horiek sortutako ekaitz politikoaren ondoren, Alemaniako Gobernuak berehala iragarri du militarraren dimisioa.

Baina Alemanian ez da izan Mendebaldearekin bat ez datorren ahots bakarra. Marcus Söder Bavariako gobernu buruak, CSU alderdi kontserbadoreko buruzagiak, beste hau aldarrikatu du: "Errusia ez da Europaren etsaia" bere ustez, "Ukraina ez da sekula NATOn sartuko". Horrez gain, buruzagi bavariarra, Errusia eta Alemaniaren arteko "Nord Stream 2" gasbidea berehala martxan jartzearen alde azaldu da, nahiz eta Estatu Batuak horren aurka egon. 

Mendebaldeko aliatuen artean zatiketa sortzea da, hain zuzen ere, Putinen helburuetariko bat. Nahiz eta Berlingo Gobernua krisi honetan NATO eta Washingtonekin bat etorri, Alemanian izandako gobernua aldaketak, aditu batzuen ustez, bultzatu zuen Putin Ukrainako krisia piztera bere helburuak lortzeko, helburu horiek hain zuzen ere: NATOren konpromisoa Ukrainara ez zabaltzeko, eta garai batean Varsoviako itunean zeuden Ekialdeko herrialdeetan NATOk dituen indar militarrak erretiratzeko eskaera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena