Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Oligarka errusiarrak bidegurutzean

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Errusiako aberatsek bi fronteen artean daudela uste dute. Alde batetik, zigorrak direla eta, ezin dute mendebaldean bizi. Bestetik, Errusiara itzultzea ia ezinezkoa da.

Albisteak (1)

Duela hilabete baino gehiago hasi zen Ukrainan gerra, harrez gero Estatu Batuek eta Europar Batasunak ezarritako zigorrek eragina izan dute atzerrian bizi diren Errusiako oligarka eta negozio-gizonen artean. Hala ere, asko ez dira ausartzen Errusiara itzultzen, astinduta daude.

Zigor hauen helburua oligarkak bultzatzea da, Putinen aurka jar daitezen, eta bere aurka matxinatu daitezen. Zigorrek ekonomian duten eraginak, eta hondatzeko arriskuak egoera zailean jarri ditu elite errusiarrak. Gehienek ez dute publikoko gerraren aurkako jarrerarik hartu. "Ezin da ezer egin bonbak geratu arte" esan du Forbesen munduko 200 aberatsenen zerrendan dagoen batek. Bi fronteen artean jarrita daudela uste dute. Alde batetik, zigorrak direla eta, ezin dute mendebaldean bizi. Bestetik, Errusiara itzultzea ia ezinezkoa da. Europan bizi diren negozio-gizonak Errusian traidoretzat dituzte, eta beraz, ez dute itzuli nahi.

Gerraren lehen egunetan bideo bat zebilen Internetetik. Bertan Roman Abramovitx Tel Avidko aireportuan ikusten zen. Chelsea futbol taldeko jabe ohia, eta Forbesko zerrendan 12.a dena, oso urduri ikusten zen. Moskurako bidean zegoen. Atzerrian bere banku kontuak blokeatuta ditu. Errusiako bankuetako dirua soilik erabili ahal du. Abramovitxek tartekari lana egin zuen Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziaketetan otsailaren 27an, gerra hasi eta bi egunetara. Baina Moskuko iturrien arabera, botere errusiarreko lobbya ez zegoen pozik negoziaketa horiekin.

Errusiar aberatsek botere gutxi dute, eta orain dirurik ere ez.

Oligarka errusiartzat kontsideratzen diren asko orain Moskun, Tel Aviden eta beste toki seguruetan daude. Ez dute botere politikorik, ez dute inoiz izan, kapital handiak inoiz ez du izan eraginik Vladimir Putinek hartzen dituen erabakietan.

Aberatsek ez dute benetako botererik izan Putinen Errusian, eta orain ezin dute berari esker irabaziko dirua ere erabili.

Michael Fridman, Alfa Bankuaren jabea, Forbesen zerrendan 11.a da. Publikoki aitortu du premia hori. Bere beste lagunek egindakoaren kontra, Fridman ez zen Tel Avidera joan, Britainia Handian zigorrak jasan arren Londresen geratu zen. Orain ezin ditu ez etxe-garbitzailea, ez bere txoferrari ordaindu. Fridman, gainera, lehenengoetarikoa izan zen Ukrainako gerraren aurka hitz egiten.

Beste oligarka bat, Errusiako banku handi baten jabea, Oleg Tinkov, 32. da Forbesen zerrendan. Kremlineki inoiz harremanik izan ez arren, zigorren eragina ari da jasaten. Tinkovek Instagramen gerraren aurka idatzi zuen.

Eraso nuklear bat egiterakoan, oligarka gehienek uste dutenez, Putinek bere kabuz hartuko luke erabakia beraiekin hitz egin gabe, eta ustekabean.    

Beste herrialde bat inbaditu edo eraso nuklear bat agindu dezake Putinek?

Horretaz iritzi ezberdinak daude. Baina gehienek uste dutenez, Putinek ez luke hori egingo irabaziko duela erabat seguru egon gabe. Uste denez baita ere, militarrek ez lukete horrelako agindu bat beteko, beraientzat eta beren familientzat suizidio kolektiboa izango litzatekeelako.

Horregatik atzerrian bizi diren oligarka gehienek uste dutenez, egoera honetatik irteteko estatu kolpe bat izan daiteke biderik egokiena. Baina gaur egungo egoera ikusita, aukera hori ez da erraza.