Itxi

Felipe Etxebarria

analisia

Australiak monarkia britainiarra birplanteatuko du bere Konstituzioan

felipe etxebarria

felipe etxebarria

Elizabeth II.a monarka britainiarra Commonwealtheko 14 herrialdeetako estatuburua ere bada, baina hori alda liteke etorkizun hurbilean.

Elizabeth II.a Australiako azken estatuburu britainiarra izan liteke. Erresuma Batuko erregina izateaz gain, Elizabeth II.a Commonwealtheko 14 herrialdeetako estatuburua ere bada, besteak beste Australiakoa, Zeelanda Berrikoa eta Kanadakoa. 

Orain, erreginaldiaren 70. urteurreneko ospakizunak direla eta, iritsi da momentua Australiako Estatuko buruzagitzari buruz hausnartzeko, Matt Thistlethwaite ministro australiarraren ustez. Bera da, lehen aldiz, Estatuko buruzagitza eredu berria bilatzeko zereginarekin eta Estatuko gorengo karguan australiar bat izan dadin, izendatu berri duten ministroa. Politikari laborista honek uste duenez, Elizabeth II.aren erreginaldiaren amaiera une egokiena izango litzateke gai honi buruz serioski eztabaidatzeko. "Australia independentea da. Geure nortasuna eta kultura daukagu", dio Thistlethwaitek, "australiar guztiek izan behar dute estatuburu izateko ahalmena".

Canberrako gobernuko kide baten adierazpenok kontutan izanda, uste da Anthony Albanese lehen minitro laborista izendatu berriak gai honi buruz referendum bat antolatuko duela. Iraganean, 1999an egindako referendumean, australiarren %55 monarkia britainiarrari eustearen alde azaldu ziren. Dena dela, kontsulta egitekotan ere, ez litzateke oraingo gobernuaren agintaldian egingo, baizik eta Alderdi Laboristaren hurrengoan, hauteskundeak berriro irabaziz gero.      

Bere erreginaldi luzean, Elizabeth II.ak guztira 14 bider egin du bidaia Australiara. Izan ere, atzerrira egin dituen bisita gehienak Commonwealtheko herrialdeetara egin ditu. Hortik kanpo, gutxitan joan da atzerrira. Horrek, halere, ez dizkio herrialde horietako sinpatiak bermatu. Australia ez da Commonwealtheko herrialdeen artean Konstituzioa erreformatuz monarkia kendu nahi duen bakarra. 2021eko azaroaren 30ean, Kariben Barbados uhartea errepublika bihurtu zen. Inguru horretako beste herrialde batzuetan ere errege-familia britainiarrak kritika ugari jaso ditu.