eguraldia
Elkarrizketa
Eider Fernandez
Jose Miguel Viñasek bere liburu berriari buruz (Introducción a la Meteorología. La ciencia del tiempo) hitz egin du eitb.com-ekin
Nork ez du inoiz eguraldia hizpide izan? Meteorologia gai oso teknikoa bada ere, Jose Miguel Viñasek gai ulergarri eta entretenigarri bihurtzen du, Introducción a la Meteorología. La ciencia del tiempo liburuari esker. Viñas airearen fisikaria eta zientzia-komunikatzailea da, eta plazaratutako azken hori bere hirugarren liburua da.
eitb.com: Zergatik du horrenbesterako arrakasta Meteorologiaren gaiak?
Jose Miguel Viñas: Eguraldiak guztioi eragiten digu, salbuespenik gabe. Horren izaera aldakor eta bat-batekoak, iragarpenak gorabehera, sorpresa eta ikusmina eragiten digu, eta askotan baita beldurra ere, fenomeno meteorologikoen aurrean. Horregatik, maiz hitz egiten dugu horren inguruan eguneroko solasaldietan, eta hainbatetan gure bizimodua baldintzatzen du; asteburuko planetatik hasita, muturreko zenbait gertakizun meteorologikok ematen dizkiguten ezustekoetara helduta.
eitb.com: 75 kapitulu! Hainbeste gauza al dago Meteorologiaren inguruan esateko?
J.M.V.: Gaiak horretarako eta gehiago esateko ere ematen du. Izan ere, liburuan aztertzen den gauzetako bat zera da: Meteorologiak gure bizitzaren alde asko eta oso ezberdinekin dituen loturak. Nire aldetik, ez da batere behartua izan atmosferaren eta pintura, musika, arkitektura eta literatura bezalako hainbat gairen arteko lotura intimoak bilatzen saiatzea. Eguraldia eta horren aldaketa etengabeak inspirazio-iturri nagusietako bat izan dira garai guztietako artistentzat, eta eragina izan dute gizakion jarduera guztietan, aire librean egiten direnetan (nekazaritza, abeltzaintza, hegazkintza, kirol ugari...), zein gainerakoetan, zeharka bada ere.
eitb.com: "Apirila euritsu, maiatza ihitsu, ekaina errautsu, orduan da laboraria urgulutsu". Atsotitzek arrakasta dute oraindik ere, baina ba al dute egiazko ezer?
J.M.V.: Denboraren joan-etorriari eutsi izanak eta mendeetan zehar etengabe erabiltzen jarraitzeak garbi erakusten du zein erabilgarriak diren. Dena den, esaera bakoitza testuinguru egokian aztertu behar da, beharrezko ñabardura eta oharrak eginda. Herrietako bizilagunen esperientziak (gehienak herrietan bizi ziren sasoi batean) argi islatzen dira meteorologiaren inguruko esaera zaharren bilduman. Lehen ez zegoen eskura orain daukagun informazio zabala, ez zegoen ez Meteosatik, ez eguraldiaren tarterik telebistan, baina jendeak gehiago begiratzen zion zeruari, horri oso lotuta baitzegoen euren bizimodua. Biharamunean euria egingo zuen ala ez aldez aurretik jakiteak, adibidez, berebiziko garrantzia zeukan nekazaritza-lanetan.
eitb.com: Meteorologia eragile erabakigarria izan da historian Australopithecus Afarensisaren garaitik. Harrigarria benetan.
J.M.V.: Hala da; izan ere, zibilizazioa eguraldiaren gorabeheren arabera mugitu dela beti esan daiteke. Historian zehar txandakatu egin dira aro hotzak eta beroak eta emankorrak (euriteak) eta antzuak (sikateak), eta horiek erabakigarriak izan dira inperio eta kultura askoren goraldian eta gainbeheran. Gaur egun, teknologia oso garatuta egon arren, oso ahulak gara oraindik atmosferaren gorabeheren aurrean; nahiz eta gertakizun meteorologikoak (adibidez, uholdeak edo haize-ekaitzak) xehetasunez aurreikusteko inoiz baino baliabide gehiago izan.
eitb.com: Gaur egun, ahotsa eta aurpegia ditu eguraldiak hedabideetan. Noiztik da eguraldia eguneroko gaurkotasunaren parte?
J.M.V.: Eguraldiaren informazioa hedabideetako eduki finkoa izan da ia-ia hastapenetatik prentsa idatzian; ondoren, irratian sartu zen; geroago, telebistan; eta, azkenik, Interneten. Egunkariekin gertatu zen lehenik eta behin; XIX. mendeak aurrera egiten zuen neurrian, informazio hori eransten joan ziren. Geroago, XX. mendearen hasieran, irratiaren txanda iritsi zen; oso erabilgarri iritsi zioten lehenengo meteorologia datuak emateari eta gero iragarpenak egiteari. Telebista heldu zenean, antzeko zerbait gertatu zen; urte gutxiren buruan, eguraldiko gizon-emakumeak hedabideko ikono bihurtu ziren. Interneten ere informazio meteorologikoa indartsu sartu da, erabiltzaileek gehien bilatzen duten gaietako bat baita.
eitb.com: Oso zorrotzak al gara iragarpenekin?
J.M.V.: Gure exijentzia-maila hazten joan da, iragarpenak egiteko erabiltzen diren aurreikuspenen zenbaki-ereduen bikaintasun-mailak gora egin duen neurrian. Egungo arazoa da jendeak gero eta epe luzeagorako iragarpen lokalak eskatzen dituela, eta horrek aurreikuspenaren mugak (aurreikuspenak egiteko joko-arauak) gainditzea eskatzen du. Ereduek badute oraindik zer hobetu, baina horrek epe laburrerako eta oso epe laburrerako iragarpenak hobetuko ditu, ez epe ertainerakoak ez epe luzerakoak; azken horiek ziurgabetasun maila handia izaten jarraituko dute. Meteorologoek eta meteorologia-komunikatzaileok horren harian hezi behar ditugu herritarrak. Ezin dizkigute ezinezko gauzak eskatu.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
Kirola
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa