cerrar buscador

10:12

eguraldia

Iragarpena

35 gradutik gora EAEn eta Nafarroan, gutxienez ostiralera arte

EiTB.EUS

Eusko Jaurlaritzak abisu horia jarri du indarrean muturreko tenperatura oso altuak eta iraunkorrak izatea espero baitira; baso-suteen arriskuagatik ere dago ezarrita abisu horia.

0:42
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Hainbat aukera daude EAEn eta Nafarroan ondorengo egunetan ondo pasatzeko: Bilboko Aste Nagusia 2016, Laudioko jaiak, Elgoibarko festak, Mendabiako jaiak, hondartzara joatea, mendia? Eguraldiaren iragarpenaren arabera, eguzkia lagun izango dugu, bai, baina kontuz, beroak zakar joko duelako: maximoak 35 gradutik gorakoak izango dira, gutxienez ostiralera arte, Hego Euskal Herri osoan.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak indarrean du abisu horia, muturreko tenperatura oso altuak eta iraunkorrak espero baitira, ostegunera arte behintzat. Foru Erkidegoan ere, Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horia jarri du. Arriskua badagoela baina arrisku-maila txikiena dela esan nahi du. Halaber, Segurtasun Sailak baso-suteak egoteko arrisku handia dagoela esan du, tenperatura altuagatik, hegoaldeko haizeagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik, eta, hortaz, horregatik ere dago emanda abisu horia EAEn.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bere webgunean jakitera eman duenez, asteartean (hilak 23) giro eguzkitsu eta bero handiarekin jarraituko dugu. Haizeak hegoaldetik joko du, eta tenperatura asko igoko da denean: balio altuenak 35-37 ºC ingurukoak izango dira. Kostaldean, eguerdi partean, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, eta zertxobait arinduko du beroa. Zerua garbi egongo da berriro. Egunaren amaieran, baliteke bero-hodei batzuk garatzea mendebaldeko mendi inguruetan, baina ez dute inongo ondoriorik ekarriko.

Asteazkenean, aldaketa gutxi. Egon daitekeen aldaketa bakarra brisa ez sartzearena izan liteke; izan ere, sartzen ez bada, asteartean baino gradu pare bat gehiago igoko da tenperatura kostaldean. Gainerakoan, aldaketarik ez: tenperatura altuenak 35-37 ºC inguruan, oskarbi eta hego/hego-ekialdeko haizea.

Ostegunean, abuztuaren 25ean, antzera jarraituko dugu. Oskarbi, hego-ekialdeko haize biziarekin eta tenperatura altuekin. Kostaldean, brisa sartzeak edo ez sartzeak zertxobait alda lezake egoera; barnealdean, bero oso zakarrarekin jarraituko dugu.

Ostiralerako, Euskalmeten arabera, baliteke termometroak apur bat gora egitea, eta Eguzkia berriro nagusituko da.

Larunbat eta iganderako, beroa apur bat jaitsiko da, eta hodei gehiago egon dira.

Iruzkinak