10:39

eguraldia

Iragarpena

Zubiak euria ekarriko du

Erredakzioa

Ostiral arratsaldean hodeiak agertuko dira eta datozen jaiegunotan nagusi izango dira. Euria, baina, ez da larunbat arratsaldera arte azalduko eta astelehen eguerditik aurrera ateri eutsiko dio.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskalmeten aurreikuspenaren arabera, ostiral goizean giro eguzkitsua izango dugu, batez ere, kostaldean.

Urrian gaudela kontutan izanda, gaur tenperatura albiste izango da. Hego-ekialdeko haizea egunean zehar indartzen joango da eta gauean, haizeguneetan ufadak oso gogorrak izango dira. Haize epel horrek tenperatura igoaraziko du eta kostaldean beroenak 30 ºC-ren bueltan geratuko dira. Zerua erabat garbi egon ez arren, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak egongo baitira, ostarte zabalak ikusiko ditugu eta giroa argia eta eguzkitsua izango da.

Larunbatean goitik behera aldatuko da eguraldia eta giro nahasia izango dugu. Hego-ekialdeko haizeak gogor joko du oraindik, kostaldean eta mendi inguruetan batez ere. Goizean erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira zeruan, baina ateri eutsiko dio. Arratsaldean aldiz, hodeiak trinkotu eta euritara joko du eguraldiak. Gauean gainera, barnealdeko zenbait puntutan, zaparradak mardul samarrak eta trumoitsuak izan daitezke. Hego haizeak tenperatura epel mantenduko du, gradu pare bat jaitsiko den arren.

Igandean egun euritsua espero dugu. Euri-zaparradak denera iritsiko dira, baina euri kantitate gehiena kantauri isurialdean pilatuko da, bereziki ekialdean, bertan euria sarri egingo du eta litro dezente pilatuko da. Mendebaldeko haizea ibiliko da, ipar-mendebaldekoa nagusituz, eta giroa freskatu egingo zaigu, beroenak 20 ºC ingurukoak izango dira.

Astelehenean, joera bada ere, eta baliteke aldatzea, giro bustia espero da; euria, batez ere goizean. Tenperaturak 17-18 gradutara jaitsiko dira. Asteartean, jaieguna, ez du euririk egingo, zerua estalita egongo bada ere. Tenperaturak gora egingo du eta termometroek 18-20 gradu erakutsiko dituzte.

Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali argazkiak Udablogera.

Iruzkinak