eguraldia
10.000 argazki Eguraldiblogen
E.G
Erredakzioa
Pozarren dago 10.000. argazkia bidali duelako (marka erdietsi duen hirugarrena da). Hastapenak, pasadizoak eta gustuak kontatu dizkigu. Dioenez, argazkiak parapentetik ateratzea baino ez zaio falta.
Informazio gehiago (2)
"Mendira igotzea, esaterako Gorbeiara, eta gailurra egitea bezalakoa da", horrela sentitzen dela dio Inocencio Goikuriak, 10.000 argazkia bidali berri du-eta Eguraldiblogen kolaboratzaileak. Ia hasieratik dabil gurekin eta bere argazkiek (bukolikoak, hurbilak, argi eta altuerarekin jolasten dutenak) EITBko eguraldiaren fotoblogeko orrialdeak eta ETB-1 eta ETB-2ko "Eguraldia" ataleko tarteak bete dituzte.
Eguraldiblogen eskarmentu gehien duenetako bat da Goikuria, "hasiera-hasierakoen klubean nago" , adierazi du. Ez du gogoan blogera bidali zuen lehen argazkia zein den eta bidalitakoen artean gustukoena aukeratzean ere, zalantzak ditu: "Urduñako igoeran hartutako batekin gogoratu naiz, udazkena zen eta arbolek oso kolore politak zituzten: horiak, okreak, berdeak...Baserri bati ateratakoa ere aipatuko nuke, elurra egiteko zorian eta zerua karga-karga eginda zegoen". Izan ere, zaila da hainbeste argazkiren artean aukeratzea: "45 album ditut etxean", erantsi digu.
Jada hiru lagunek lortu dute 10.000. argazkiaren langa pasatzea:Imanol Aragon zornotzarra, Lorentxo Portularrume zarauztarra eta orain, Goikuria. Zeanurikoa harro dago "bi lagunekin" podioa elkarbanatzeaz; "zoragarri moldatzen naiz eurekin", esan digu. Eguraldiblogekoak ez ezik, kanpoan ere lagun mordoa du Goikuriak, denak argazkiak ateratzen handik hona ibiltzeari esker: "Isolatutako leku batera zoazenean eta argazki-kamerarekin ikusten zaituztenean lursailak errebisatzen ote zauden galdetzen dizute: -Zer, argazkiak ateratzen?... Bai, denbora-pasan! -Ez zara Aldundikoa izango, ezta? Ez, lasai, EITBko Eguraldira bidaltzen ditut -Ah, ah...) Tankerako elkarrizketen ostean jendea erlaxatu egiten dela azaldu digu argazkilariak eta, zenbaitetan, lagunak egin dituela adierazi digu.
Aiarako haranaren korrespontsala
Inon ezaguna izatekotan, ordea, Aiarako haranean da Goikuria, milaka argazki egin baititu Laudion, Okondon, Amurrion, Urduñan edo Orozkon. "Leku magikoa da. Maroñoko urtegia gustatzen zait bereziki, batez ere udan edo elurra egiten duenean, idilikoa da. Zerua erabat estalita dagoenean, neguan, urtegiko uretan islatzen da eta etxeak ikusten dira atzean ...", azaldu digu hunkituta.
Hain justu, toki honetan jazo zitzaion pasadizo dibertigarrienetako bat. "Larre batean sartu nintzen eta behin kamera tripode gainean nuela, bi artzakur ikusi nituen nigana hurbiltzen. Handi-handiak ziren eta ez ziruditen oso pozik... Birritan pentsatu gabe, kamera hartu eta ahalik eta arinen joan nintzen autora. Trantze latza izan zen! Gerora jaso zuen tripodea...", kontatu digu barre artean.
Hastapenak eta erronkak
Txiki-txikitatik du gogoko argazkilaritza Goikuriak: "8 urterekin nire lehen argazkiak atera nituen lehengusu baten kamerarekin. La Gaceta egunkariko argazkiak ere gordetzen nituen, gero zehatz-mehatz aztertzeko". Nagusiagoa zenean ere, "sos batzuk" atera zituen soldaduskara eraman zuen kamerarekin egindako argazkien kopiak saltzen. Argazkiez gain, bideoak- super8 formatuan- grabatu ditu zeanuritarrak eta horietako batzuk Euskadiko Filmategian daude.
Egiteke duen argazkiari buruz galdetuta, desio bitxia bota digu zeanuritarrak: parapentean ibiltzea eta bertatik argazkiak ateratzea. Hori bai, dioenez, ezingo du gauzatu, "edadeagatik" nonbait. Haren berbetan, "altuera jakin batetik ateratakoak izan ohi dira argazki politenak. Ikuspegi zabala izaten da eta gehien interesatzen zaiguna atera dezakegu". Parapentea gorabehera, ziur gara datozenetan ere argazki ederrak bidaliko dizkigula Inocencio Goikuriak.
orain albiste
albisteak
Erlazionatutako edukiak:
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa