cerrar buscador

08:53

eguraldia

Olatu handiak

Denboraleak kalte material handiak utzi ditu Euskadin

Erredakzioa

- Donostiako Pasealeku Berrian zulo handi bat egin dute olatuek.

- Besteak beste, Getxon, Zarautzen, Bermeon eta Pasai Donibanen ere arazoak dituzte.

192
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EAE kolpatu duen denborale zakarrak kalte materialak egin ditu zenbait herritan eta hiritan, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Donostian, hainbat teknikari kostaldetik ari dira, kalteak zenbatu eta ondoren txosten bat egiteko. Pasealeku Berria itxita dago, olatuek zulo bat egin baitute. Zuloak errepideko bi galtzadak, bidegorria eta oinezkoentzako espaloia kaltetu ditu. Donostiako Udaleko Bide Publikoaren zinegotziaren hitzetan, denboralea igaro arte, ez dituzte kalteen nondik norako guztiak izango, baina ziurrenik hilabeteak emango dituzte zuloa konpontzen. Duela bi urte denborale batek zuloa eragin zuen ere, baina oraingo zuloa ordukoa baino handiagoa da.

Era berean, Pasealeku Berrian hainbat eserleku, baranda, pibota, kale-argi eta Oteizaren eskultura pareko TAO makinak kaltetu dira.

Ondarreta eta Haizearen Orrazia kaltetuak izan dira ere; pasealekuko ormaren 30 metro apurtu dira. Era berean, olatuen indarrak Haizearen Orrazian kalteak eragin ditu eta harri handiak tokiz aldatu ditu. Eduardo Txillida Pasealekuan, berriz, uholdeak izan dira.

Pasealeku Berria, Haizearen Orrazia eta Jose Maria Leizaola Pasealekua itxiak daude.

Ondarretako hondartzak ere kalteak ditu, ura alboko lorategietara sartu baita.

Getxon, denboraleak kalteak egin ditu Ereagako pasealekuan, eta baranda apurtuta dago leku askotan, Udalak azaldu duenez.

Kalte handienak Igeretxe Hotelaren eta La Terraza udal eraikinaren arteko tartean daude. Bertan, olatuak udal eraikina baino altuagoak izan dira.

Kirol-portuan, Getxo-Aquariumetik gertu dauden bi lokalen beirak eta hainbat baldosa hautsi dira. Portu Zaharrean kalteak oso txikiak izan dira.

Dena dela, horiek ez dira izan kalteak izan dituzten herri bakarrak. Besteak beste, Zarautzen itsas pasealekua kaltetu da eta Pasai Donibanen plaza eta alboko lokalak urpetu egin dira. Bermeon, kai-muturraren zati bat erori da eta izotz lantegiaren inguruan aparkatutako zenbait ibilgailu kaltetu dituzte olatu handiek.


Eguraldiak hobera egingo du

Datozen orduetan eta bihar eguraldiak hobera egingo duela diote iragarpenek. Hala ere, alerta gorriak biharko 01:00ak arte iraungo du. Une horretan laranja izango da 13:00ak arte, eta horia 22:00ak arte.

Hortaz, Herrizaingo Sailak neurriak hartu ditu jada larrialdi zerbitzuak indartzeko eta koordinatzeko.

Arrantza-ontzi guztiak portuan daude eta Bermeoko flota Deustuko ubidean babestu da. Baxurako ontziei Deustuko ubidean porturatzeko baimena eman die Bilboko Portuko agintariek, denboralaren iragarpena ikusita.


N-634 errepidea itxita

Bestalde, N-634 errepidea itxi egin dute astearte honetan, Zarautz eta Zumaia artean, 04:00-08:00 eta 16:30-20:30 orduen artean.

Iruzkinak

  •