cerrar buscador

09:28

eguraldia

10.000 argazki, Eguraldiblogen

Jose Luis Cazallas: 'Saturraranetik Zarautzerainoko kostaldea, onena'

J.E.

Eguraldiblogen urteak daramatza laguntzaile, eta, martxoan, "10.000 argazkietako klub"eko hirugarren kide bilakatu zen: "Poz handia hartu nuen, gogobetetzea izugarria da", esan du, horren inguruan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

"Kostaldea, eta, batez ere, Saturraranetik Zarautzerainoko tartea. Hori da gehien gustatzen zaidana argazkiak ateratzeko: Ondarroa, Deba, Mutriku, Zumaia…". Jose Luis Cazallasen hitzak dira; Jose Luis Eguraldiblogen, eitb.com-en eguraldiaren inguruko argazki-blogean, da laguntzailea, eta bertan, orain dela hilabete batzuk, bere 10.000. argazkia argitaratu zuen. Jose Luis Cazallas, garai horretan, helburu hori lortzen zuen hirugarren erabiltzaile bilakatu zen; lehenago, J. Imanol Aragonek eta Lorentxo Portularrumek gainditu zuten muga hori, eta, bere ostean, Inocencio Goikuriak egin berri du. Beraz, "10.000 argazkietako klub"ean lau izen ditugu, dagoeneko.

"Poz handia hartzen duzu, lana eskatzen duelako; kopuru horretara heltzeak gogobetetze handia ematen dizu", esan digu Jose Luisek, galdetu diogunean zer sentitzen duen hain garaia eta borobila den zifra batera heldutakoan. "Orain, agian, ez dut parte hartzen lehengo maiztasunarekin. Denbora ematen dut kanpoan, Mediterraneoko kostaldean, eta, hori bai, bueltatu ostean han ateratako argazkiren bat ere bidaltzen dut". Izan ere, aitortu duenez, etxetik kanpo dagoenean argazkilaritzaren eta Eguraldiblogen lagunen mundua faltan botatzen du; eitb.com-en blog honetan, hain zuzen ere, hasi zen argazkiak argitarazen "Sarean apur bat bilatu ondoren" aurkitu eta gero.

Aipatu dugunez, Jose Luisi kostaldea gustatzen zaio, gehienbat. Beste zenbait lurraldetakoarekin alderatuz gero, bere ustez Euskal Herrikoa politagoa da: "Mediterraneokoa lauegia da; hondartzak baditu, baina, nire iritziz, paisaiak ez dira hemengoak bezain politak". Hori bai, bisitatu nahi du "lasaiago", Valentziako Albufera: "Hor, iluntzeak benetan ederrak omen dira". Paisaietako argazkietan aditua da Jose Luis, eta Urkiola edo Atxondokoak (Bizkaia) ere asko gustatzen zaizkio.

Bere irudietako asko, Galdakaon

Jose Luis Cazallasek 55 urte daramatza Galdakaon bizi izaten, eta, hain zuzen ere, Bizkaiko herri hori askotan agertzen da Eguraliblogen partekatzen dituen argazkietan. Bere herrian dauden txokoen artean, Gangureneko eremua nabarmentzen du: "Oso hurbil dut, eta bertatik ikuspegi ederrak ditugu".

Urteak igaro dira ere argazkilaritza interesatzen hasten zitzaionean. Esan digunez, 14 urterekin serigrafiako lantegi batean sartu zen, eta hor argazkien mundua ezagutu zuen: "Erakargarria iruditzen zitzaidan ''gela iluna''; plastiko beltz batetik kolorea ateratzen zen". ''Welisa'' bat erosi zuen, garaiko kamera bat, eta, gero, ''Reflex'' japoniar bat. Gaur egun, kamera "txukuna" du.

Eguraldiblogeko beste erabiltzaile batzuk

Jose Luisek beste erabiltzaile batzuen irudiez gozatzen du: besteak beste,Juan Lameirinhasenak, Jose Antonio Legaristirenak, Aitor Goitizenak, J. Imanol Aragonenak ("bere erakusketa bisitatu dut, eta, nahiz eta argazkiak ikusita nituen, harritu nau"), Jose Ramon Beitiarenak eta Leire Monterorenak aipatzen ditu. Guztien artean, izen bat ateratzen da behin eta berriz elkarrizketan: Inocencio Goikuria. "Inocenciok eta biok orain dela 35 urte ezagutu genuen elkar", azaldu du, azken hau Eguraldiblogen berari esker hasi zela baieztatu aurretik: "Nik animatu nuen". Inocenciorekin Japonian egon da, eta, hain zuzen ere, hara bueltatzea gustatuko litzaioke, bereziki, "beste mundu bat delako". Niagarako ur-jauziak ere ditu ikusita, baina han ere berriro egon nahi izango luke.

Jose Luis Cazallasek, apalki, uste du hobera egin duela, argazkilari moduan, urteak aurrera joan ahala. Ibilbide horretatik pasadizo bat nabamendu digu: egun batean, Deban, Santa Katalinara igo zen bide malkartsu batetik ("horma bat bezalakoa zen"), Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeetako ikuspegi ederraz gozatu ahal izan zuen, eta baieztatu zuen bertako edertasuna benetakoa zela. Baina etsai isila eta azkarra agertu zen, bat-batean: "Hamar minututan, laino oso itxia sartu zen, eta ezin nuen aurkitu jaisteko bidexka; azkenean, asmatu nuen non zegoen", azaldu digu, baina aitortzen du jaitsiera hura istripuz beterikoa izan zela, eta gaur egun oraindik gogoratzen duen jausialdiren bat ere izan zuela.

Iruzkinak