15:50

eguraldia

Eguraldia

10 graduko tenperaturak ditugu Euskadin, izozteen ondoren

Erredakzioa

Goizean termometroak zero azpitik egon dira, baina orduek aurrera egin ahala tenperaturek gora egin dute, eta 9-10 ºC-koak dira kostaldean, eta 5-6 ºC-koak barnealdean.

77
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Asteburua eta egunaren hasiera oso hotzak izan dira Euskadin, eta termometroak zero azpitik izan dira hiriburu guztietan. Gaur goizean horrela gertatu da, baina orduek aurrera egin ahala, tenperaturak 8 ºC arte igo dira. Eusko Jaurlaritzak izotzagatik ezarritako alerta horia, hala ere, bihar goizean amaituko da.

Euskalmetek azaldu duenez, hegoaldeko haizeak joko du gaur, eta ondorioz tenperaturak baretu egingo dira eta 9-10 ºC-koak izango dira kostaldean, eta 5-6 ºC-koak barnealdean.

Zeruak oskarbi jarraituko du, tarteka erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko badira ere.

Asteartean ere tenperaturek gora egingo dute, hegoaldeko haizearen menpean jarraituko dugu eta.

Tenperatura maximoak 12-13 ºC ingururaino igo litezke kostaldean, eta barnealdean 9-10 ºC inguruan ibiliko dira. Tenperatura minimoek ere gora egingo dute eta barnealdeko toki batzuetan baino ez du izotzik egingo.

Hodeitza aurreko bi egunetan baino handiagoa izango da; giro ilunagoa izan arren, ez da prezipitaziorik espero.

Asteburua, zero azpitik

Atzoko eguna urteko hotzenetakoa izan zen Euskadin.

Gasteizen -8 ºC jaso ziren, eta Agurainen - 12,5 ºC artekoak.

Iruzkinak