cerrar buscador

11:25

eguraldia

Iragarpena

Eguraldiak berdin jarraituko du datozen egunetan

Erredakzioa

Gaur ez da aldaketa handirik gertatuko eta hotzaz gain, euria ere ariko du. Elur-kota 600 metrotik 700-800 metrora igoko da. Astebururako, berriz, eguzkia iragarri dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Ostiralera arte antzeko eguraldiarekin jarraituko dugu Euskal Herrian eta euria eta hotza izango dira nagusi ordura arte.

Gaur ez da aldaketa handirik gertatuko eguraldian. Hotz egingo du berriro eta goizean elur-kota 600 metro inguruan kokatuko da, hala ere, eguerdian zertxobait igo eta 700-800 m-ren bueltan ibiliko da. Prezipitazioa, oro har, urria izango da eta batez ere kantauri isurialdean egingo du. Ipar-osagaiko haizeak bolada gogor batzuekin joko du kostaldean eta mendi inguruetan eta ziertzoa ere bizi ibiliko da.

Giroak poliki-poliki hoberantz egingo du ostegunean. Prezipitazioa gutxitu egingo da eta elur-kota egunak aurrera egin ahala igotzen joango da. Goiz partean 600 metroren bueltan egongo da eta azken orduetan 800 metrotik gora kokatuko da. Tenperatura maximoak apurka-apurka igotzen joango dira; kostaldean 9ºC-ren inguruan egongo dira eta barnealdean ez dute 5-6ºC-ak gaindituko.

Ostiralean, oro har, ateri eutsiko dio. Lurralde osoan ostarte handiak zabalduko dira eta soilik barnealdeko puntutan tantaren bat edo beste bota dezake arratsaldean. Elur-kota 1.000 metrotik gora kokatuko da. Haizea ekialdera aldatuko da eta ondorioz, tenperatura maximoak nahikoa igoko dira. Goizaldean, berriz, hotz egingo du eta barnealdeko hainbat puntutan izotza botako du.

Astebururako eguraldi ona iragarri dute. Tenperaturak gora egingo du eta ateri egongo da, beraz, eguraldi ona izango da ihauteriez gozatu ahal izateko.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta ikusi paisaien argazki ederrenak Eguraldiblogen.

Iruzkinak