cerrar buscador

12:47

eguraldia

EGURALDIA

Alerta laranja nabigaziorako arriskuagatik kostan eta haizeagatik Nafarroan

AGENTZIAK

Gainera, abisu horia egongo da indarrean elurragatik, haizeagatik eta olatuengatik. Euria eta haizea izango dira berriro nagusi, eta elurraren maila 1.000 metro inguruan kokatuko da.

  • Olatu handiak Donostian

    Olatu handiak Plentzian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Astea ildo beretik hasiko dugu. Gaurko egunari begira, alerta laranja ezarri dute nabigaziorako arriskuagatik, eta abisu horiak, ostera, haizeagatik (haizeguneetan) eta olatuengatik. Nafarroan, alerta laranja ezarri dute haizeagatik, eta abisu horia aktibatu dute euriagatik eta haizeagatik.

Gaur, astelehena, giro bustiarekin jarraituko dugu. Euria ia etengabe eta erruz egin dezake ipar isurialdean, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean batez ere. Horrekin batera, ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du. Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketa handirik espero, baina baliteke minimoak pixka bat igotzea. Elurraren maila 700-800 metroan egon da goizaldean, baina gora egin du goizean zehar, eta 1.000-1.200 metroan kokatuko da egunaren gainerako orduetan.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hainbat abisu hori aktibatuko dira gaur: elurragatik, barnealdean; haizeagatik, haizeguneetan, eta kostaldeko kalteengatik, kostan. Gainera, alerta laranja izango da aktibatuta itsasaldeko arriskuagatik gauerditik 18:00ak arte. Ordu horretan, alerta laranja abisu horia izatera igaroko da. Halaber, abisu horia egongo da indarrean kostaldeko kalteengatik 09:00etatik gauerdira arte; izan ere, olatuak 5-6 metro ingurukoak izango dira. Goizean abisu horia egon da indarrean prezipitazio iraunkorragatik Bizkaian, Gipuzkoan eta Arabako zati batean, baina eguerdian amaitu da.

Haizeari dagokion abisu horia 03:00etatik 18:00ak arte egongo da aktibatuta. 100 kilometro orduko haize-boladak neur daitezke haizeguneetan.

Barnealdean, gainera, elurra ere egingo du, eta abisu horia aktibatu dute 09:00ak arte. 700 metrotik 1.000 metrora igoko da elur-kota egunean zehar.

Nafarroan ere, alertak eta abisuak izango dira nagusi. Ipar isurialdean, alerta laranja aktibatuko dute haizeagatik 07:00etatik 18:00etara, eta abisu horia, berriz, 18:00etatik gauerdira arte. Halaber, abisu horia egongo da indarrean egun osoan euriagatik ere. Nafarroako Pirinioetan, hiru abisu hori egongo dira aktibatuta: euriagatik (egun osoan), haizeagatik (07:00-18:00) eta elurragatik (egun osoan). Bestalde, Foru Erkidegoaren erdialdean eta Erriberan, abisu horia ezarri dute 07:00etatik 18:00etara haizeagatik.

Haizeak indarrez joko du datozen orduetan. Argazkia: EFE

Haizea Bilbon

Biharko, alerta eta abisuak

Bihar, asteartea, alerta laranja ezarriko dute arratsaldean, 18:00etatik gauerdira arte, itsasaldeko arriskuagatik nabigazioarentzat. Olatuen altuera adierazgarria 5-6 metroan egongo da. Aurrez, 15:00etatik 18:00etara, abisu horia egongo da indarrean, 3,5 metroko olatuengatik. Kostaldeko kalteengatik ere, abisu horia egongo da indarrean, 18:00etatik gauerdira.

Era berean, haizeagatik abisu horia egongo da indarrean 15:00etatik gauerdira. Mendebaldeko/ipar-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke.

Azkenik, gauean, 21:00etatik 24:00etara, abisu horia jarriko dute abian elurragatik, barnealdean. Euskalmeten iragarpenaren arabera, elur-kota 600-800 metro inguruan egongo da goizaldean; igo egingo da goizean eta 1.500 metrotik gora egongo da arratsaldean.

Asteazkenerako, bi abisu hori izango dira indarrean: elurragatik barnealdean, gauerditik 09:00ak arte, eta itsasaldeko arriskuagatik nabigazioarentzat, gauerditik 15:00etara. Elur-kota 600-800 metroan kokatuko da, eta olatuen altuera adierazgarria 5-6 metrokoa izango da goizaldean, eta 3,5 metrokoa arratsaldean.

Iruzkinak