14:14

eguraldia

Denboraldi berria

Berrikuntzekin dator "Eguraldia" saioa, euskal ikus-entzuleen erreferente izaten jarraitzeko asmoz

EITB Media

Alde batetik, 6,5m x 3,5m neurriko pantaila erraldoia eta mapa berriak erabiliko dituzte iragarpenak egiteko; bestetik, punta-puntako teknologiaz baliatuko dira egunean eguneko informazio beharretara moldatu eta saioaren irudia indartzeko.

  • Andoni Aizpuru, June Ansoleaga, Arnaitz Fernandez eta Zuriñe Zulaika

    Andoni Aizpuru, June Ansoleaga, Arnaitz Fernandez eta Zuriñe Zulaika

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Itxuraldatuta eta euskal ikus-entzuleen erreferente izateko helburuarekin ekin dio denboraldi berriari ETBko "Eguraldia" saioak astelehen honetan (irailak 12). Berrikuntza nagusia platoan antzemango dugu: 6,5m x 3,5m neurriko pantaila erraldoia izango dute, eta, alboan, mugikorretara eta sare sozialetara egokitutako pantaila bertikal bat. Horrez gain, iragarpenak egiteko mapak berritu dituzte. Punta-puntako teknologiaz baliatuko dira egunean eguneko informazio beharretara moldatzeko eta saioaren irudia indartzeko. 

Uda honetan aurkezle taldera batu den Arnaitz Fernandez meteorologoarekin batera, Andoni Aizpuru eta June Ansoleaga arituko dira aurkezle lanetan, baita Zuriñe Zulaika tartearen zuzendaria ere. 

Meteorologiaren inguruko informazioa zehaztasunez, hurbiltasunez eta profesionaltasunez eskaintzen jarraituko dute, gertaera bortitzei arreta berezia eskainiz. Herritarrek momentuan momentuko egoera zein den jakin ahal izango dute Euskal Herrian barrena kokatutako web-kameren bitartez. 

Aldaketa klimatikoaren gaiak ardatz izaten jarraituko du. Adituen laguntzaz, gertakari meteorologikoak aztertuko dituzte eta arlo bakoitzean egiten ari diren azken ikerketen eta aurrera pausuen berri emango dute. 

"Eguraldia" saioko lan taldea goizean goiz hasiko da lanean, ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan lehen iragarpena eskainiz. Eguerdian eta gauean, ohiko ordutegian zabalduko dute leihoa, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegien ondoren. 

Meteorologiaren inguruko edukiei zabalkundea emateko atal berriak izango dituzte, eta ikus-entzuleek esparru horretako profesionalak ezagutuko dituzte sare sozialen bitartez. Astronomiaren arloari ere erreparatuko diote, eta munduan barrena bizi diren euskaldunekin bat egingo dute, tokian tokiko klimaz eta bitxikeriez hitz egiteko. Horrez gain, asteburuetan familia planak eta ibilaldiak egiteko proposamenak eskainiko dituzte. 

Joan den urtean Ekin klimarekin Durangon izandako arrakastaren ondotik, era honetako kale ekimenak antolatzen jarraituko dute herritarrengandik gertu egoteko.

Iruzkinak