Itxi

Bizi EITB

Bizi EITB

Bizi EITB

Aurkezpena

BIZI EITB 2022 jai erraldoia, larunbat honetan BEC!en

EITB Media

Egun osoz, BIZI EITB 2022 jai handia egingo du EITBk. Aurten ere, 10 orduko festa izango da, eta, ohi bezala, izaera solidarioa izango du, bertan bildutakoa EITB Maratoiari zuzenduta egongo baita; EITBren 40. urteurrena ikusle eta jarraitzaileekin ospatzeko eguna ere izango da.

  • BIZI EITB 2022 jaiaren aurkezpenaren irudia.

    BIZI EITB 2022 jaiaren aurkezpenaren irudia.

Larunbat honetan (urriak 15), egun osoz, BIZI EITB 2022 jai handia egingo du EITBk Barakaldoko BEC!en (Bilbao Exhibition Centre). Aurten ere, 10 orduko festa izango da; eta, ohi bezala, izaera solidarioa izango du, bertan bildutakoa EITB Maratoiarentzat izango baita. Gainera, EITBren 40. urteurrena ikusle eta jarraitzaileekin ospatzeko eguna izango da.

11:00etatik 17:00etara, etxeko txikienei zuzendutako jaia izango da, Ene Kantak eta Go!azen ikuskizunekin. 17:30etik aurrera, "Goazen 9.0" aurrestreinaldia izango da; eta 20:00etan, Biba Oholtzan jaia hasiko da, Korrontziren kontzertu bereziarekin.

EITBk ostiral goizean aurkeztu du ekimena eta prentsaurrekoan Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak, Eleder Iglesias eta Nerea Izagirre "Go!azen"eko aktoreek eta ekitaldiaren kolaboratzaile eta babesleen ordezkariek - Izartza Zorrozua (Euskaltel), Itziar Osa (Ibaizabal) eta Begoña de Ibarra (Bizkaiko Foru Aldundia)-  parte hartu dute.

BIZI EITB 2022. Aurkezpena.

BIZI EITB 2022. Aurkezpena.

Haurrentzako jaia

Aurtengo BIZI EITB ekimena 11:00etan hasiko da, etxeko txikienei zuzendutako jaiarekin. BECeko 2. pabiloian familia giroan gozatzeko eskaintza zabala izango da: 3 klubaren txokoa, tailerrak, puzgarriak, salto egiteko goming euskarriak, ipuin kontalaria, ludoteka, egurrezko jolasak, teknologiari lotuta espazioa...  Nola ez, Antxus 3 klubeko maskota ere bertan izango da txikienak agurtzeko. Gainera, lehen ordutik, ETBko aurpegi ezagunek pintxo solidarioak banatuko dituzte, eta jasotako dirua EITB Maratoiari zuzenduta egongo da.

Horrez gain, ikuskizunak ere hartuko ditu jaiko agertokiak:

Kidam magoaren ikuskizunarekin abiatuko da jaia 11:00etik aurrera. "3 Ene Kantak" saioan ikusgai izan ohi dugu Asier Kidam, eta oraingoan, bertatik bertara ikusi ahal izango ditugu Kidamen magia eta trikimailuak.

12:30etik aurrera, berriz, Ene Kantak Dantzan ikuskizuna izango dugu agertokian, protagonista eta pertsonaia guztiekin, tartean, Satorjator eta Astonauta.

Bazkalorduan ez da musikarik faltako; eta, azkenik, jaia bukatzeko, Go!azenekin abestu eta dantzatzeko aukera izango da 15:00etatik aurrera.

BIZI EITB 2022. Haurrentzako jaia.

BIZI EITB 2022. Haurrentzako jaia.

11:00etatik 17:00etara izango da haurrentzako eskaintza BECen, sarrera doakoa eta librea izango da (ez da gonbidapenik beharko), eta ekimenak Euskaraldiarekin bat egingo du. Bizkaiko Foru Aldundia da haurrentzako jaiaren babeslea, eta Euskaltel eta Ibaizabal, berriz, laguntzaileak.

"Go!azen 9.0" telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia

Ondoren, 17:30etik aurrera, "Go!azen 9.0" denboraldi berriko lehen atala eskainiko da pantaila erraldoian, BEC!eko Bizkaia Arenan. Joseba Olagaraik aurkeztuko du ekitaldia eta bertan izango dira denboraldi berri honetako aktore protagonista nagusiak. Besteak beste, Joanes Echeveste (Ibai), Julen Castillo (Koldo), Malen Azpirotz (Iraia), Lorea Intxausti (June), Danae Riaño (Maddi), Aitziber Errazkin (Enara), Kimetz Etxabe (Alain), Mikele Arizkorreta (Saioa), Nerea Elizalde (Garazi) eta Eleder Iglesias (Gontzal).

'Go!azen 9.0' telesailaren aurrestreinaldia

'Go!azen 9.0' telesailaren aurrestreinaldia

Aurrestreinaldirako sarrera guztiak agortuta daude eta jasotako sarreren dirua EITB Maratoira bideratuko da esklerosi anizkoitza ikertzeko.

Biba Oholtzan jaia, Korrontziren kontzertu bereziarekin

BIZI EITB 2022 bukatzeko, Biba Oholtzan emanaldia grabatuko da, Korrontziren kontzertu bereziarekin. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta, artista eta talde gonbidatuak izango dituzte taula gainean, 20:00etatik aurrera. Biba Oholtzan jaia 2. pabiloian izango da, eta sarrera doakoa eta librea (ez da gonbidapenik beharko). Ateak 19:00etan irekiko dira, eta grabazioa hasi arte, Joseina Etxeberria EITBko DJak jarriko du musika bertan.

Agus Barandiaranek zuzentzen duen Korrontzi taldea izango da bertan protagonista, eta hainbat artista eta talde gonbidatu izango dituzte, tartean Xabier Berasaluze Leturia pandero jolea, Gorka Hermosa akordeoilaria eta Dani Conde gaiteroa. Ez dira faltako Arratiako Erraldoiak; eta, gainera, 120 dantzari baino gehiago hartuko dituzte taula gainean, udalerri ezberdinetako 11 dantza talderen eskutik: Oinkari D.T. (Villabona-Amasa), Itxarkundia D.T. (Laudio), Egape D.T. (Urnieta), Amilotx D.T. (Mungia), Otsoak D.T. (Ataun), Haize Dulantzi D.T. (Dulantzi), Akelarre D.T. (Laudio), Harribil D.T. (Orio), Korosti D.T. (Legazpi), Bihotz Gaztea D.T. (Santurtzi), eta Zugaitza D.T. (Santurtzi).

Horrez gain, bi kirolari ere izango dituzte ikuskizunean lagun: Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria eta Susana Maldonado de la Torre harri-zulatzailea.

'Biba Oholtzan'

'Biba Oholtzan'. Korrontziren kontzertu berezia.

EITB Maratoia: "Geldiezinak gara/ Somos imparables"

Esklerosi anizkoitza izango da aurten EITB Maratoiaren gaia, eta EITBk "Geldiezinak gara / Somos imparables" lelopean egingo du gaitzaren ikerketa bultzatzeko elkartasun kanpaina. Horri lotuta, erronka berria proposatuko dio euskal gizarteari: jantzita, dutxaren azpian bustitzea, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia soinu banda gisa erabiliz, geldiezinak garela erakusteko helburuarekin. Informazio eta sentsibilizazio kanpaina abian jartzeaz gain, dohaintzak egiteko aukera ere martxan dago, Bizum eta kontu korronteen bidez. Informazio guztia EITB Maratoiaren webgunean dago eskuragai.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Barakaldo
  • EITB