Itxi

EITB TALDEA

RADIO VITORIAK 80 URTE

Hainbat ekitaldirekin ospatuko du Radio Vitoriak 80. urteurrena

ERREDAKZIOA

Ekitaldien artean, 'Bizikletada', Juan Carlos Nájerarekin; musika, argia, soinua eta dantza bilduko dituen Kaleidoskopioa ikuskizuna; haurrentzako Hiru3 Jaia eta 'Gaztea Gaua' antolatu dituzte

Radio Vitoria lehen aldiz emititzen hasi zenetik 80 urte bete dira aste honetan, joan zen asteartean irailaren 30ean hain juxtu. Zortzi hamarkada hauetan, etengabe garatuz joan da Radio Vitoria, eta bidaia luze honetan, Arabako entzuleen erreferentziazko irratia bilakatu da.

80. urteurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldien berri eman du Radio Vitoriak ostegun honetan: kultura, kirola eta gastronomia uztartuko dituzten ekimenekin ospatuko du irratiak urtemuga berezi hau. Ekitaldien aurkezpenean, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak, Patxi Ormazabal AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteko Arabako ordezkaritzako presidenteak eta Juan Carlos Nájera txirrindulari eta abenturazaleak parte hartu dute.

80 urteurreneko ospakizunak

80 urteurreneko ospakizun ekitaldiak datozen bi asteburuetan izango dira: urriaren 4an eta 5ean Florida Parkean, eta urriaren 11n Probintzia Plazan. Ekitaldien artean, Juan Carlos Nájeraren partaidetzarekin egingo den 'Bizkletada', bizikleta maratoi solidarioa egingo da; Hiru3 Jaiaren barruan gaztetxoei zuzendutako hainbat ekintza antolatuko dituzte; 'Gaztea Gaua'k DJ Oihan Vegaren eskutik musika emanaldi aparta eskainiko du; Arabako produktuekin egindako pintxo bereziak banatuko dira; eta musika, argia, soinua eta dantza bilduko dituen Kaleidoskopioa ikuskizuna eskainiko da.

Urriak 4 eta 5, Florida parkean

'Bizikletada' solidario batekin hasiko dira Radio Vitoriaren 80. urteurreneko ospakizunak, larunbatean, urriaren 4an. Juan Carlos Nájera 24 orduz ibiliko da bere bizikletaren gainean, Gasteizko Florida Parkearen inguruan. Minbiziaren kontrako borrokaren aldeko maratoi herrikoia izango da. Partaidetza irekia izango da, hau da, nahi duenak nahi duen 24 ordu horietan zehar lagundu diezaioke Juan Carlos Nájerari bere bizikleta gaineko erronka honetan.

Juan Carlos Najera abenturazale gasteiztarrak planeta munduan barrena espedizio handitan parte hartu du, eta erronka berri honi energia eta ilusio handiz ekiteko prest dago. Larunbatean 12:00etan hasi eta igandeko eguerdiko 12:00ak bitartean luzatuko da maratoia. Aldi berean, hainbat ekitaldi egingo dira Florida parkean: 18:00etatik aurrera haurrentzako Hiru3 Jaia izango da Kioskoan, eta 22:00etan hasita Oihan Vega DJak Gaztea Gaua musika emanaldia eskainiko du.

Esan bezala, maratoi solidarioa igande eguerdian amaituko da. Ordu horretan, 3.200 pintxo banatuko dira Florida parkean egongo diren lau txoko ezberdinetan. Anemiasen Txokoan, Gamarrako Ostalaritza eskolak prestatuko dituen pintxoak banatuko dira; Hiriburu Gastronomikoaren txokoan, Mendizorroza Eskola Gastronomikoaren pintxoak dastatzeko aukera egongo da; Goxoa Txokoan, Arabako Pastelgile eta Gozogile elkartea izango da bertako pintxoak prestatzen; eta Ogia Txokoan berriz, pitxo berezia eskainiko da Artepan, Añanako Gatz Arana eta Arabako Errioxako Olioaren esktik.

Urriak 11n, Probintzia Plazan

Ospakizun ekitaldiak hurrengo asteburuan amaituko dira. Urriaren 11n (larunbata), hain zuzen ere, musikaz, argiz eta soinuz osatutako Kaleidoskopioa ikuskizuna eskainiko da Probintzia Plazan, gaueko 22:00etatik aurrera. Dantzak, txalapartak eta Big Bandaren musikak osatuko dute kolorez beteriko emanaldia.

Radio Vitoriak aipatutako ospakizun, ekitaldi eta ikuskizun guztien berri emango du zuzenean.

80 urteko historia

80 urte bizitza oso bat dira eta, bizitza guztietan gertatzen den moduan, hazten, aldatzen eta heltzen joan da Radio Vitoria. Teknologia berrien eta Interneten menpe bizi den egungo irrati digitalak ez dauka zerikusirik 1934ko irailaren 30ean Prudencio Maria Berasategui kaleko 10. zenbakitik, 200 watteko potentziarekin, emititzen hasi zen irratiarekin.

Bidaia luzea egin du denbora honetan eta egoitza ezberdinetan egon da kokatuta. Aurrezki Kutxarena izan zen lehendabizi eta Ser katearena ondoren. 1982an EiTB Komunikazio Taldeko partaide izatera pasa zen. Zalantzarik gabe, bultzadarik erabakigarriena jaso zuen etxe honen kide bihurtu zenean.

Francisco Hernandez Peña jauna izan zen Radio Vitoriako sortzailea; EAJ 62 adierazgarria eta 1500 kc frekuentzia lortu zituen lehenengo urteetako emisioetarako. Garai hartan, emisio denbora oso murriztua zuen Radio Vitoriak, bazkalosteko 13:00etatik 15:00etara, eta gaueko 21:30etik 23:00etara emititzen zuen. 1942an 8.000-10.000 hitz emititzen zituen irratiak egunero, nahiz eta 27.000-30.000 hitz emititzeko baimena izan.

1947ko abenduaren 2an, Aurrezki Kutxaren eskuetara pasa zen Radio Vitoria, eta zuzendari berriek inbertsio handia egin zuten giza eta teknika baliabide gehiago lortzeko.

1954ean Cadena Ser irratiarekin elkartu zen, eta bategite honek programazioa aberastea ekarri zuen. Radio Vitoriak Madriletik emititzen ziren hainbat saio eskaini zituen garai hartan, eta konexio hauekin, goizaldeko ordu batak arte luzatu zuen bere programazioa.

1981eko irailean, Aurrezki Kutxaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko kontaktuak hasi ziren Radio Vitoriaren salerosketarako. 1981eko urriak 26an egin zuten salmenta akordioa, eta abenduaren 24ean sinatu zen notario-akta. Horrela, 1982ko urtarrilaren 1etik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren menpe geratu zen Radio Vitoria, sortu berri zen Euskal Irrati Telebista komunikazio talde publikoaren barruan.

Lehenengo urteetan, Ser irrati kateari lotuta jarraitu zuen, baina 1985etik aurrera, Madrilekin egiten zituen konexioak bertan behera utzi zituen. Ordutik aurrera, Radio Euskadi bihurtu zen Radio Vitoriaren eduki-hornitzaile nagusia, albistegi orokorretan eta gaueko saioetan.

Zortzi hamarkadetan, Arabako herritarrengandik gertuen egon den hedabidea izan da Radio Vitoria. Entzuleekin zuen konpromiso estuari eutsi dio eta entzuleek ere ez diote hutsik egin, beti, sinesgarri eta hurbil mantendu delako.

Radio Vitoriak 80. Urtemugak ospakizun bikoitza egingo du: Arabako bizitzari lotutako euskal hedabide baten zortzi hamarkada oparo ospatzea batetik eta etorkizunari begira konpromisoaren berritzea ospatzea.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea