Itxi

EITB TALDEA

Zerbitzu publikoa

Informazioa eta entretenimendua, EiTBren funtsezko zerbitzua COVID-19ren aurka

EiTB

EiTBren zerbitzu publikoaren zeregina betez, informazioa, aktualitatea eta entretenimendu edukiak lantzen dituzte Taldeko hedabideek (ETB, EiTB Irratia eta eitb.eus).

0:27
EiTB kanpaina

Zerbitzu publikoari eustea da, bai informazioaren arloan eta bai entretenimenduaren arloan, EiTBk konfinamenduan ezarri duen helburu nagusia; hori bai, osasun-agintarien gomendioak eta ezarritako prebentzio-protokoloak uneoro betez.

Osasun-agintarien mezuen berri emateaz eta gizarteari helarazteaz gain, eta egungo albistegi eta programetan koronabirusaren krisiaren azken ordukoen berri eman eta aztertzeaz gain, EiTB Taldeak entretenimendu eta dibulgazio-formatuei eusten die, bere zerbitzu publikoaren atal oso garrantzitsuak baitira. Bere hedabide guztiak –telebista kanalak (ETB1, ETB2, ETB3, ETB4), EiTBko irrati-taldea (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta EiTB Euskal Kantak) eta eitb.eus Interneteko plataforma– informazio zerbitzurik onena eta edukirik onenak eskaintzen ahalegintzen ari dira egoera zailenean. 

Ahal diren ekoizpen propioko programa guztiak egiten ari dira, edukiak eta iraupenak egokituz, eta guztietan ezarritako arau profilaktikoak (garbitasuna, higienea, distantziak, tenperatura hartzea, etab.) aintzat hartuta. EiTBko hedabideetako eta sailetako zuzendaritzako ordezkariek osatutako jarraipen-batzorde bat egunero biltzen da, salbuespenezko egoera honetara egokitzeko eta horren jarraipen arduratsua bermatzeko behar diren neurriak hartzeko. 

EiTB Focus, programak eta ekimen bereziak

Egun hauetan, EiTBk EiTB Focus galdeketa publikoaren atal berezi bat argitaratu du, koronabirusa dela eta. Landa-lana martxoaren 24a eta 25a bitartean egin zen, konfinamendu betean. Euskal gizarteak koronabirusaren eraginari buruz duen iritzia eta hainbat esparrutan hartu diren neurrien inguruan duena galdetu du EiTB Focusek. Horrez gain, EiTBk galdetzen jarraitzeko asmoa du, gizarteak orain arte ezagutu ez duen krisiaren inguruan duen iritzia ezagutzeko.

Konfinamendu garai hauetan, EiTBk ekimen bereziak jarri ditu abian bere hedabideetan, betiere zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz. Harrera onena izan duena ETB3ko "Bitartean, Etxeko Ikasten" saioa dugu. Bere helburua irakaskuntza indartzea da, batez ere etxean euskarri teknologikorik ez duten ikasleen artean. Saio hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean egiten da. Halaber, Hiru3ren haurrentzako eskaintza indartu egin da, koronabirusari buruzko albiste faltsuak antzemateko zerbitzu bat sortu da, eta ETBko albistegiek Kultura Gara leihoa ireki diete sortzaileei kultura-etenaldiko garai hauetan. Bestalde, eitb.eus-ek #EtxeanGeratukoNaiz ekimenarekin lotutako orria sortu du, etiketa hori jarrita internautek Twitterren edo Instagramen zabaltzen dituzten edukiak erakusteko. 

Era berean, EiTBk hainbat kanpaina korporatibo abiarazi ditu: koronabirusari buruzko aholkuekin eta gomendioekin landutako iragarkia; adineko pertsonei arreta emateko bideoa, haiekin kontaktuan egotera gonbidatuz, eta itxaropen eta konfiantza-mezu bat zabaltzen duen kanpaina, Ez gaitu inork geldituko abestia lelo gisa erabiliz. Hirugarren honetan, Txagorritxuko Ospitaleko osasun-langileek, Urtzen abestian oinarrituta, birusaren aurkako borrokan kolektiboak duen adorea azpimarratzeko egindako iragarkia izan da abiapuntua. 

Telebistako programa gehienek, berebat, formatua egokitu behar izan dute alarma-egoeraren murrizketen ondorioz, eta aurkezle batzuek beren etxeak plato bihurtu dituzte, hala nola "Ur Handitan"eko Xabier Madariagak edo "Gure Kasa"ko Julen eta Antton Telleriak eta Aitziber Garmendiak. Hirukoak beren eguneroko magazina astean behineko saio berezi bihurtu dute, eta egoera honetan lanean diren euskal langileak omendu nahi dituzte bertan.

Bestalde, Eusko Irratiko irratiak erreferente dira informazioan, eta baita konfinatuta dauden pertsonei laguntza eskaintzen ere. Bere etxetik edo estudioetatik, Dani Alvarez, Maite Artola, Maritxu Diez eta EiTBko irratietako kazetari asko gerturatzen dira egunero entzuleengana gaurkotasunarekin, informazio erabilgarrienarekin, aholkuekin…. Irratiak, inoiz baino gehiago, koronabirusaren krisialdi honetako bizipenak, sentsazioak eta emozioak partekatzeko foro bihurtu dira.

Liderrak informazioan eta errekorra Interneten

Albistegien lidergoa, Euskal Telebistaren helburu nagusietako bat, sendotu egin da koronabirusaren krisian. "Gaur Egun"eko kuota % 2,1etik % 2,5era igaro da, eta "Teleberri"koa % 18,0tik % 23,9ra, martxoaren 14an itxialdia ezarri zenetik. Oro har, albistegien audientzia % 30etik gora igo da. FORTA mailan, albistegietan gehien igo den kanala da ETB.

eitb.eus-ek, bestalde, errekorra hautsi du, eta 2019an hilean 4 milioi eta erdi erabiltzaile izatetik, 2020ko martxoan 7,6 milioi erabiltzaile izatera igaro da. Egunean, batez beste, 400.000 erabiltzaile eskas izan ditu, eta hileko bigarren erdian kopuru hori gainditu du.

Ia 500 pertsona telelanean 

Osasun alarmak ezarritako salbuespenezko egoerara egokitzeko, EiTBk aparteko neurriak hartu behar izan ditu, eta 500 pertsona inguru etxetik era guztietako gailuak erabiliz ditu lanean, EiTBko sistemen taldeak egindako ahaleginari esker. Martxoaren 13an, EiTBko arlo gehienetako langileei zerbitzarian sartzeko baimenak ematen hasi ziren, eta langileei telelanerako ekipoak egokitzen lagundu zieten. Martxoaren 18tik, EiTBNet-eko, administrazioko, artxiboko, emisioko, produkzioko, audientzietako, prentsako, sustapeneko, irratiko eta ETBko albistegietako langile askok etxetik lan egiteko aukera dute.