Itxi

EITB TALDEA

Jardunaldiak

EITBk Conecta FICTION ikus-entzunezko topaketetan parte hartuko du, Iruñean

EITB

10.000 euroko EITB Saria emango zaio Pitch Euroregion NAEN Series ekimenean aurkeztutako zazpi proiektu finalistetako bati, irailaren 15ean.

  • Conecta Fiction jardunaldiak Iruñeko Baluarten egiten ari dira.

    Conecta Fiction jardunaldiak Iruñeko Baluarten egiten ari dira.

EITBk ikus-entzunezko industria jomugan duen Conecta FICTION topaketetan parte hartze garrantzitsua izango du datozen egunotan. Atzo hasita, irailaren 16ra bitartean, Iruñeko Baluarte jauregian izango dira jardunaldiok, telesailak, telesail laburrak eta fikziozko dokumentalak ardatz hartuta.

Conecta FICTION ekimenak eta Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak osatutako ABEN Euroeskualdeak akordio bat egin zuten, eremu horretan, jarduera-programa bat eginda, ikus-entzunezkoen industria sustatzeko. Conecta FICTION 2021 ekimenaren jardueren lehen zatia ekainean egin zen, eta bigarrena orain izango da formatu hibridoan, Iruñeko Baluarte jauregitik. EITBk babes eta bultzada handia emango dio ikus-entzunezko industria eta talentua sustatzea helburu duten topaketa hauei. 

Ekimen honen bidez, networking profesionala, enpresa arlokoa eta ekintzailetzarena bultzatu nahi dira Euroeskualdearen barnean, bertan sortutako ikus-entzunezko proiektuei balioa emanez eta ABEN hiru lurraldeetan produkzioari eta koprodukzioari laguntzeko dauden ekimenak ezagutaraziz. Bazkide eta proiektu berriak erakartzeko eta Europa barnean antzeko estatusa duten beste eremu batzuekin sinergiak sortzeko helburua ere badu.

"#Martyisdead" telesail txekiarraren aurrestreinaldia, gaur

Ekintzaz betetako programa izango da hiru egun hauetan. Asteartean, besteak  beste, "#martyisdead" telesail txekiarraren aurrestreinaldia izango da. Atal laburren telesail onenaren Emmy International saria jaso zuen 2020an, eta ziberjazarpenera hurbilduko gaitu, Marty nerabeak jasan zuen jazarpena, hain zuzen ere. Bere aitak heriotzaren ostean abiatuko duen ikerketaren bidez ezagutuko dugu Martyren historia, Interneten utzitako arrastoari jarraituz.

Telesailaren ondoren, mahai-ingurua izango da Sara Escudero aurkezleak gidatuta. Bertan, Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariarekin batera, honako hauek parte hartuko dute: Jakub Kostal ekoizlea (Txekiar Errepublika), Pavel Soukup zuzendaria (Txekiar Errepublika), Carlos Quintanilla "Control Z" (Netflix) telesailaren sortzailea, eta Javier Erro artista eta kazetaria.

Azaroan estreinatuko du ETB1ek "#Martyhilda" thrillerra, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Segurtasun Sailarekin aliantzan egindako proiektu baten harira. Benetako gertaeretan oinarrituta dago eta ziberbullynga eta bere ondorioak jorratzen ditu drama honek. Kolaborazio egitasmo honen bidez, gainera, EAEko ikastetxeetan telesailean oinarritutako gaiak landuko dira. Horretarako, webgune berezi bat garatuko dute.

Zazpi proiektu finalistetako batek EITB Saria jasoko du

Euroeskualdeko zazpi proiektu iritsi dira Conecta FICTION programaren bigarren fasera. Proiektu finalistak hauek dira: "Luis Mariano, todos los colores del arco iris" (Lumiere Produkzioak), "Entre muros" (Bixagu Entertainment, S.L.), "Azken abestia" (Gariza Films), "Gaia" (Aura Pictures), "Final cut" (A Film To Kill For), "Via sacra" (Macondo Productions) eta "Matadero Franklin" (Black Panther Films, S.L.).

Proiektu horiek aukera izango dute garapenera zuzendutako kontratuak sinatzera bideratutako hainbat sari irabazteko. 10.000 euroko EITB Saria izango da horietako bat, eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak banatuko du sari banaketa galan, irailaren 15ean, 19:30ean. France 3 Nouvelle-Aquitaine saria, NAEN Euroeskualdea saria, Acorde Music Library saria eta Navarra Televisión saria ere banatuko dira ekitaldi horretan.

Epaimahaikideen artean honako hauek daude: Aritz Galarza, ETBko Programazio eta Erosketa burua; Blanca Baena, K2000 eta Mediapro enpresetako ekoizle, zuzendari eta produktore exekutiboa; Javier Holgado, gidoilaria eta "The mysteries of Laura", "La templanza" (Amazon) eta "El desorden que dejas" (Netflix) telesailen sortzailea; Solène Édouard, SE Talent Management talentu-agentziako kidea; eta Delphine Vialanet, France 3 Nouvelle-Aquitaine telebista-kateko ordezkaria.

Programako jarduera guztien zuzendaritza eta koordinazioaz hauek arduratzen dira: Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdea (ABEN), Akitania Berria eskualdeko gobernua, ALCA Akitania Berria, Eusko Jaurlaritza, Basque Audiovisual, Nafarroako Gobernua, Navarra Film Industria eta Frantziak Espainian duen enbaxada/Institut Français de España. Babesle dira EITB ikus-entzunezkoen taldea eta France 3 Nouvelle-Aquitaine; eta kolaboratzaile dira Acorde Music Library eta Navarra Televisión. 

Conecta Fiction-en programa osoa

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea